Albisteak 2019
LEHIAKETA
16 Abu 2019
Zarautzek azken txanpa irekiko du
Zarauzko estropadak Euskotren Ligari amaiera emango dio, eta Eusko Label Ligako ontziak denboraldiko une erabakigarrienean sartuko dira
Gorengo mailako ontziek beraien egutegian gorriz ongi markatuaa duten eguna gerturatzen hasi da. Asteburu honetan Eusko Label Ligako XLII. Zarauzko Estropadak bandera lehiatuko da Zarauzko uretan, eta Euskotren Ligari agurra emateko Zarauzko XI. Ikurriña jarriko da jokoan. Larunbatean arratsaldeko 18:00etan ekingo zaio lehen jardunaldiari eta igandean, berriz, bigarren jardunaldia 11.40tatik aurrera izango da. Usadioari jarraiki, banderaren lehian, bi jardunaldietako denborak kontuan hartuko dira, eta gainera, jardunaldi bakoitzean sailkapen nagusirako puntuak ere banatuko dira.
Eusko Label Ligako ontziak hiru txandetan ariko dira, eta larunbateko estropadan sailkapen nagusiaren arabera eratuko dira txandak. Igandean, berriz, lehen jardunaldiko emaitzen arabera osatuko dira hiru txandak. Eusko Label Ligako ontziek hiru ziaboga eta lau luze egin beharko dituzte, eta horrela, 3 millako diztantzia burutuko dute.
Azken 16 edizioetako “trapuak” sei herri ezberdinetara joan dira: Kaiku (4), Orio Babyauto (3), Castro (3), Urdaibai Avia (3), GO fit Hondarribia (2) eta Astillero Repsol Electricidad y Gas (1). Iazko XLI. Zarauzko Estropadak bandera “Ama Guadalupekoa” ontziak irabazi zuen, baita 2015ekoa ere. Estropada eremuko errekorra, berriz, Castrok du jarria 2008an 38’56”72ko denbora eginez, bi jardunaldietako denborak batuta. Zarauzko asteburua igaro ostean, lau jardunaldi besterik ez dira geratuko denboraldiari amaiera emateko. Beraz, Eusko Label Ligako 12 ontziak momentu erabakigarrienean sartu dira.
Euskotren Ligako estropada, ohi bezala, formatu linealean egingo da eta lau ontziek bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dute, guztira 1,5 milla burututa. Bestalde, igandean 2019ko Euskotren Ligako txapeldunari Euskotreneko garaikurra emango zaio, zehazki, Orio Babyautori. Aurreko astean, Hondarribiko estropada irabazi eta gero, matematikoki oriotarrek txapelketa irabazi zuten beraien historian lehen aldiz. Horrez gain, “Txiki” ontziko neskek beste erronka bat ere izango dute asteburu honetan, Zarauzko XI. Ikurriña lehen aldiz bereganatzea. Joan den urtean San Juan gailendu zen bosgarrenez jarraian, eta estropada eremuko errekorra berriz Getaria Tolosak du jarria 2011n 21’15”22ko denbora eginez.
Barruko balizak Alle Punta aurrean ainguratuak egongo dira, eta Eusko Label Ligako Zaleen Gunea, berriz, Musika Plaza, arraunzaleek estropada modu ezinhobean goza dezaten.