Albisteak 2019

LEHIAKETA

28 Uzt 2019

Donostiarra txapeldunen zerrendara gehitu da

Donostiarra txapeldunen zerrendara gehitu da Donostiarra txapeldunen zerrendara gehitu da

Torrekua II.arentzat izan da Getxoko Estropaden XLI. Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XV. Omenaldia, eta hala, donostiarrek Eusko Label Ligako lehen garaipena eskuratu dute. Euskotren Ligan, berriz, Orio Babyautok eraman du Getxoko XI. Ikurriña

Donostiarrak bigarren txandatik estropada biribila egin du gaur Getxon jokatu den estropadan. Torrekuak 19'55"78ko denbora egin du eta txandako aurkariak goitik behera menderatu ditu. Eusko Label Ligako sailkapen nagusiari dagokionez, Orio Babyautok lidertzan jarraitzen du 133 punturekin, eta Santurtzi Iberdrola bigarren sailkatuari 16 puntuko aldea ateratzen dio. Bestalde, CaixaBank Patroi Onenaren Sarian Arkaiz Diaz Donostiarrako lemazainak segitzen du lehen postuan, eta Iñaki Goikoetxea Lekittarra Elecnorreko patroiarekiko lau puntuko abantaila du.

Donostiarrak bigarren txandatik egin duen estropada bikaina izan da. Hasieratik estropada burua hartu du eta amaiera arte maila oso ona eman du. Helmugan Torrekua II.ak 19'55"78ko denbora egin du eta Urdaibai Avia txandako bigarren sailkatuari 10" atera dizkio. Zazpigarren postuan amaitu du Cabok gaurko estropadan irabazleengandik 24"ra geratuta, eta Ondarroa, aldiz, bederatzigarren lekuan geratu da 20'25eko denbora eginez.

Hirugarren eta ohorezko txandan lehia bizi bizian egon da Orio Babyauto, Santurtzi Iberdrola eta Go fit Hondarribiaren artean. Bigarren zatitik aurrera, ordea, "San Nikolas" ontziak aldeak handitu ditu eta amaiera arte jazarpen proba egin du Donostiarren denbora erreferentzi modua izan duelarik. Helmugan ordea, Torrekuarengandik segundo bakarrera geratu da, eta honela, bigarren postuan amaitu dute Salsamendiren mutilek. Txandako bigarren postua Soterarentzat izan da oriotarrengandik 8"ra geratuta. Go fit Hondarribiak gaur bosgarren lekuan amaitu du irabazleengandik 15" galduta, eta Zierbena Bahias de Bizkaia, ordea, zortzigarren posturaino erori da 28" galduta.

Lehen txandan Kaiku nagusitu da 20'14"ko denbora burututa eta hala,  seigarren postua eskuratu du "Bizkaitarra" ontziak. Hamargarren postua Astillero Electricidad y Gasentzat izan da, Kaikurengandik 13"ra geratu ostean. Hamaikagarren postuan, berriz, San Pedrok amaitu du 19"ra helmugaratuta eta gaurko azken postua Lekittarra Elecnorrentzat izan da 20'53"ko denbora burututa.

Asteburu biribila Orio Babyautorentzat

Denboraldiko bederatzigarren garaipena eskuratu du Orio Babyautok, eta hala, Txiki ontziak Getxoko XI. Ikurriña eramandu 10'47"ko denbora burututa. Donostia Arraun Lagunak izan da bigarren oriotarrengandik 8 segundora eta hirugarren postuan, berriz, Donostiarra taldea helmugaratu da 11 segundora. Gaurko talderik apalena Hondarribia Bertako Igogailuak izan da irabazlearengandik 32" galduta. Modu honetara, Euskotren Ligako sailkapen nagusian Orio Babyautok lidertza sendotu du; momentu honetan, oriotarrek 39 puntu dituzte eta Donostia Arraun Lagunaki zortzi puntuko aldea ateratzen diote. Bestalde, Patroi Onenaren Sariko sailkapenean ez dago aldaketarik; Nadeth Agirre Orio Babyautoko lemazainak segitzen du lehen postuan 22 punturekin eta Andrea Astudillo "Lugañeneko" patroiarekiko 7 puntuko abantaila du.

Lehiaketaren geldialdia, Espainiako txapelketarengatik

Datorren asteburuan Eusko Label Ligak zein Euskotren Ligak atsedena hartuko dute, izan ere, Espainiako txapelketa jokatuko da. Modu honetara, goi mailako arrauna denboraldi amaierara indarberrituta helduko da. Abuztuaren 10ean Eusko Label Ligako XXXV. Ondarroako Bandera - Cikautxo Sari Nagusia eta Euskotren Ligako II. Ondarroako Bandera - Cikautxo Sari Nagusia jarriko dira jokoan. Hurrengo egunean, hilaren 11n, berriz, emakumezkoen II. Mapfre Bandera eta Hondarribiko XXXII. Bandera - Mapfre Sari Nagusia lehiatuko dira. 

Itzuli