Albisteak 2017
BEREZIAK
28 Uzt 2017
Eusko Label Ligaren ekuadorea
Asteburu honetan, Getxon eta Zierbenan jokatuko diren bi jardunaldiek CaixaBank Koroa lortzeko denboraldiaren erdia markatuko dute
Eusko Label Ligaren eta Liga Euskotrenen hurrengo hitzorduak Bizkaiko uretan izango dira, zehazki Getxon eta Zierbenan. Bertan, egutegiko bederatzigarren eta hamargarren jardunaldiak jokatuko dira, eta emakumezkoen txapelketari dagokionez, bosgarren eta seigarren jardunaldiak. Asteburuko bi jardunaldietan, lehenengo emakumezkoen tripulazioek egingo dute arraun, eta ondoren gizonezkoenek. Larunbatean, 18.00etan Getxon, Getxoko estropaden XXXIX. Ikurriña eta Getxoko IX. Ikurriña izango dira jokoan. Igandeko jardunaldia, aldiz, Zierbenan izango da. Eguerdiko 12.00etan emango zaio hasiera hitzorduari, eta jokoan XXXIV Bandera Petronor eta II Bandera Petronor egongo dira.
Urdaibai Avíak jarraitzen du izaten, 89 punturekin, Eusko Label Ligako sailkapen orokorraren buru. Lau puntuko desabantailarekin, Hondarribia dago, eta liderrarengandik bederatzi puntutara, Orio Babyauto. Laugarren postuan, ohorezko txanda itxiz, Kaiku Producha dago (63). Sailkapenaren erdian dauden taldeak ondorengoak dira: Zierbena Bahías Bizkaia (53), Ondarroa Cikautxo (44), San Juan Sumelec (43) eta Tirán Pereira (41). Taularen beheko zatian Cabo (40), San Pedro (38), Ares (28) eta Astillero (19) daude. Bestalde, aurreko asteburuko bi garaipenen ondoren, San Juan Iberdrolak (15) jarraitzen du Liga Euskotreneko lider. Bi punttu gutxiagorekin Hibaika Jamones Ancín dago. Hirugarren eta laugarren postuak, hurrenez hurren, Orio Babiautorentzat (8) eta Arraun Lagunak Donostiarentzat (4) dira.
Patroirik hoberenaren sailkapenean, lehenengo postua, 12 punturekin, Hondarribiako patroiarentzat, Ioseba Amunarrizentzat, da. Ondoren, zazpi punturekin, Iker Gimeno, Kaiku Produchako patroia, dago. Hirugarren postua, bestalde, Oscar Hermorentzat (Cabo) da.
Larunbatean, Getxon, 18.00etatik aurrera, Eusko Label Ligako eta Liga Euskotreneko jardunaldi bikoitza izango da. Bertan, hurrenez hurren, Getxoko estropaden XXXIX. Ikurriña eta Getxoko IX. Ikurriña izango dira jokoan. Txandak sailkapen orokorraren arabera definituko dira; hori dela eta, lehenengo txandan Astillero, Ares, San Pedro eta Cabo lehiatuko dira. Bigarren txandan, aldiz, Tirán Pereira, San Juan Sumelec, Ondarroa Cikautxo eta Zierbena Bahías Bizkaia. Ohorezko txandan arraun egingo dutenak, bestalde, Kaiku Producha, Orio Babyauto, Hondarribia eta Urdaibai Avía izango dira. Urtez urte, garaile desberdinak izan ditu jardunaldi honek, baina bi talde azpimarratu daitezke; Kaiku Producha eta Hondarribia, biek hiru urtetan jarraian irabazi baitute hitzordu hau. Kaiku Produchak 2011n, 2012an eta 2013an irabazi zuen bandera; Hondarribiak, aldiz, 2014an, 2015ean eta 2016an. Egutegiko hitzordu garrantzitsu honetan, beste hainbat taldek ere eskuratu dute garaipena, besteak beste; Pedreña (2006), Orio Babyauto (2007), Castro (2008 eta 2009) eta Urdaibai Avía (2010). Orain arte, estropada leku honetan, lortutako denborarik onena Castrok du. 2009. urtean izan zen, erlojua 19'18"70 geratu zuen eta San Pedrori 10"56 abantaila atera zion. Hala ere, lehenengoaren eta bigarrengoaren arteko alderik handiena 2013ko edizioan finkatu zen. Bertan, Kaiku Produchak, aurkariei inongo aukerarik eman gabe, bigarren sailkatuari, Orio Babyautori, 23"50eko abantaila atera zion. Bestalde, 2008ko edizioan, garaipena eskuratzeko lehia estua egon zen Castro eta Orio Babyautoren artean. Azkenean, Castrok irabazi zuen eta 1"64ko abantaila atera zion Orio Babyautori. Liga Euskotrenen, aldiz, hitzordu honetako garaile nagusia San Juan Iberdrola izan da. Azken lau urtetan berak eraman du etxera edizio honetako bandera. Getxoko Ikurriña honetan, CaixaBank Koroa eskuratzeko lehiatuko diren partaideek hiru milia nautikotan zehar egin beharko dute arraun. Ibilbidea lau luze eta hiru ziabogatan zatituta egongo da, eta Portu zaharraren albotik igaroko da. Liga Euskotrenean arituko diren lau traineruek, aldiz, bi luze eta ziaboga batean zatituta, milia nautiko bat eta erdi egin beharko dute.
Asteburu honetako bigarren jardunaldia Zierbenan izango da, eta jokoan XXXIV Bandera Petronor eta II Bandera Petronor izango dira. Txandak aurreko egunean, Getxoko estropaden XXXIX. Ikurriñan eta Getxoko IX. Ikurriñan, eskuratutako emaitzen arabera zehatuko dira. Zierbenako hitzordu honen historiari errepaso txiki bat eginez, 'galipoak' Eusko Label Ligan daudenez geroztik, ondorengoak izan dira garaileak: Hondarribia (2012), Urdaibai Avía (2014 eta 2015) eta San Juan Sumelec (2016). Jardunaldi horietatik denborarik onena eskuratu duena Urdaibai Avía izan da. Honek, 2014. urtean, 19'24"42an gelditu zuen kronometroa. Lehenengo postuaren eta bigarrengoaren arteko alderik txikiena pasa den urtean finkatu zen, non San Juan Sumelecek 0"18ko abantaila atera zion Urdaibai Avíari. Azpimarragarria, 'Bou Bizkaia'k, bere bi garaipenak, hurrenez hurren, laugarren eta hirugarren kaletik eskuratu ditu; 'Ama Guadalupekoa'k eta 'Erreka'k, aldiz, bigarren kaletik. Aurtengo hau, Liga Euskotren Zierbenako uretan hitzartzen den bigarren aldia da. 2014. urtean jokatu zen liga horretako lehenengo estropada eta garaipena San Juan Iberdrolarentzat izan zen.
Kontsultatu Getxoko Estropaden XXXIX. Ikurriña eta XXXIV Bandera Petronor dosierrak