ORIO ORIALKI

Historia

Klubaren babesleak
  • Orioko Udala
  • ORIALKI
  • AVK
  • Grupo Sagardi
  • Transportes Indo
  • ZIPRI
  • ZU-K
  • Urbil
  • Novadiet
  • Inmobiliaria Orio
  • FORD Easo Motor
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Iparlur
  • Mediolanum
  • Mahala
  • Quiron
  • Urdaintzi

Orioko traineruak 1879an parte hartu zuen, aurreneko aldiz, estropada ofizial batean, edo hori da behintzat daukagun lehenbiziko aipamen idatzia. Donostiako estropadetan izan zen, Kontxako banderan. 1901ean irabazi zuen Kontxako bandera lehenengo aldiz. 1879tik 1932ra «Orio» izenarekin lehiatzen zen trainerua. 1933 eta 1964 artean, berriz, «Emen-Gatoxtik-Orio» izena hartu zuen, eta 1965eko ekainean, Arraunketa Elkartea sortu zenean, elkartearen izena hartu zuen: «CRO Orio AE».

Kontuan hartuta, gaur egun, lehiaketako arrauna bai gizonek eta bai emakumeek egiten dutela, ezinezkoa da ontzi-mota guztien berri ematea paragrafo labur hauetan eta, beraz, beste kategoriei inolako meriturik kendu gabe, traineruen garaipenak aipatuko ditugu hemen. 2021ra arte Oriok lortutako 872 garaipenetatik (737 + 135), 434 (370 + 64) traineruaren garaipenak dira. Horien artean nabarmentzekoak dira Kontxako 34 banderak (32 + 2) eta gaur egungo Ligatan lortutako 3 garaipenak (1 + 2).

ACTko ligari dagokionez, Orioko trainerua beti ibili da onenen artean eta 2019an irabazi egin zuen. ACTn lortutako datuak nabarmentzeko modukoak dira: 18 ediziotan parte hartu du eta 47 garaipen lortu ditu. Sailkapenen segida historikoari erreparatzen badiogu, datu hauek azpimarratuko genituzke: behin irabazi du (2019an), hiru aldiz egin du bigarren (2007, 2010 eta 2014an), eta 6 aldiz hirugarren (2006,2008, 2013, 2015, 2017 eta 2021). Esan behar da 2011n traineruetako zilarrezko kategoriara jaitsi zela elkartea, baina 2012an, estropada guztiak irabazi eta gero, berriro igo zen kategoria nagusira eta hor egon da harrezkero, beti goiko postuetan. Iaz, esaterako, hirugarren bukatu zuen Eusko Label-Corona Caixabank Ligan.

2022. denboraldian aldaketak izan dira taldean. Bizi dugun osasun-egoerak eta zailtasun ekonomikoek zaildu egin dute arraunlarien prestaketa-lana, baina, hala ere, Orioko mirotzek gogoz eta ilusioz ekingo diote 2022ko denboraldiari, onenekin lehiatzeko eta goiko postuetan ibiltzeko asmoz.