Albisteak 2017

BEREZIAK

29 Eka 2017

Adituen iritzia

Adituen iritzia

Eusko Label Liga jarraitzen duten kazetariek hastear dagoen denboraldiaren analisia egin dute

2017ko Eusko Label Ligako lehen estropada gerturatzen ari da. 12 traineru arituko dira lehian, eta denen helburua CaixaBank Koroa lortzea izango da. Lehiaketa gogor honi hasiera eman aurretik, ordea, ohitura da, arraunaren egunerokoa jarraitzen duten hainbat pertsonek denboraldiaren pronostikoa egitea. Aurten, lau kazetarik eman dute denboraldi berriaren inguruko beraien ikuspuntua. Ondorengoak izan dira kazetariak: Alfonso Herrán (AS egunkaria), Imanol Arruti (Onda Vasca), Jokin V. de Lecea (Deia) eta Oskar Ortiz de Guinea (El Diario Vasco).

Lau kazetariek bat egin dute, esanez, sailkapenaren goiko aldean Hondarribiaren eta Urdaibai Aviaren artean egongo dela, batez ere, borroka. Hala ere, Orio Babyautok lanak emango dizkietela adierazi dute. Bestalde, Herránek uste du “Eusko Label Ligan mantentzeko zailtasun gehien Astillerok izango” dituela. Deiako kazetariak azpimarratu du “Kaiku Producha, Zierbena Bahías de Bizkaia eta San Juan Sumelec bezalako taldeentzat onuragarriagoa izango” dela “bigarren txandan jokatzea”. Horrela, “txanda irabazteko”, eta beraz, “banderaren bat eskuratzeko aukera gehiago izango” dituztelako. Klub galiziarrei dagokionez, Ortiz de Guineak adierazi du Cabo eta Tiran Pereira taldeek “proiektu sendoak” dituztela sailkapenaren zati lasai batean “mantendu ahal izateko”. Azkenik, igo berri diren taldeen inguruan ziurgabetasuna da nagusi. Hala ere, Arrutik Ondarroa Cikautxorengan konfiantza du, eta berak dio, “batzuek uste baino hobeto ibiliko” direla.

Itzuli