Albisteak 2018

BEREZIAK

08 Eka 2018

Anteia buia ACT-ra iritsi da

Anteia buia ACT-ra iritsi da

Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak aurten berrikuntza bat izango dute, Anteia buiak olatuen norabidea, altuera eta periodoa adieraziko baitu

ACT-ren helburuetako bat teknologia berriak eta aurrerakuntzak erabiltzea da. Duela urte batzuk hainbat aurrerapen erabiltzen hasi ginen arraun munduan – bideo finish-a, GPS seinalea edota traineru barruko kamerak esate baterako – eta orain ezinezkoa da estropada bat aurrerakuntza hauek gabe imajinatzea. Horregatik, aurten Zunibal eta ETB-rekin batera ACT-k berriz ere aurrera pausuak emango ditu teknologia berriak kirol mundura ekartzen.

Gailu berri honekin estropadetan informazio gehiago izango dute, ez kirolariek soilik, bai eta ikusleek ere, izan ere estropada txanda guztian zehar hainbat datu interesgarri emango dizkigu. Anteia buiak momenturo dauden olatuen periodoa, altuera eta norabidea erakutsiko dizkigu. Buia honen abantaila handienetariko bat bere arintasuna da, izan ere 26 kilo pisatzen ditu, bai eta bere neurriak ere, metro erdi baina apur bat gehiagoko diametroa baitu.

Anteia buia Zunibal enpresa bizkaitarrak sortu du. Bertan hogei urte baina gehiago daramatzate itsas eta arrantza sektorerako punta-puntako produktuak sortzen. Ikerkuntza, teknologia, gaitasun handiko taldea eta itsasoarekiko pasioa dira Zunibalen osagai garrantzitsuenak. Anteia buiaz gain, badituzte beste hainbat produktu garrantzitsu; monitoreatzeko kaxa urdina, Ekozundak, satelitedun buiak edota Tuna 8Xtreme buia, hegaluze arrantzarako diseinatua.

Hau horrela izanda, akordioa Derioko Zunibalen egoitzan sinatu da. Bertan Ibone Rodríguez de Pablo, Zunibaleko Zuzendaria; Eduardo Martínez, Negozio Garapen Zuzendaria; eta Adolfo García, Produktu Ingeniaria izan dira. Borja Rodrigok, ACT-ko Lehendakariak, akordio hau errubrikatu du eta “berrikuntza teknologiakoaren eskutik” jarraitzeko garrantzia azpimarratu du, estropadetako xehetasunak hobeto ulertzen lagunduko diguten produktuak erabiliz.

Itzuli