Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

02 Ira 2013

"ARC LIGAKO ONENAK IZAN GARA, BAINA ERREMATEA EMAN BEHAR ZAIO GERATZEN DIREN BI ESTROPADA GARRANTZITSUENETAN"

"ARC LIGAKO ONENAK IZAN GARA, BAINA ERREMATEA EMAN BEHAR ZAIO GERATZEN DIREN BI ESTROPADA GARRANTZITSUENETAN"

Vicente Carpintero, Zierbena-Bahias de Bizkaia ontziko patroia

Vicente Carpintero play-offeko estropadak iristeko geratzen diren egunak kontatzen ari da (Trapagaran, 35 urte). Bi aste hauek luze samarrak egingo zaizkiola uste du, baina atsedena ondo etorriko zaiela ere bai. Konfiantza du, Zierbena igoera lortzeko hautagai indartsuena delako, baina argi du aurkariek lanak emango dizkietela. Aurkari gaiztoena Zierbena bera dela uste du, halere.

 

Nola zaude animoz?

Lasai, play-offa prestatzen. ARC Liga irabazi dugu, hainbat estropada ere bai, eta konfiantzarekin gaude, baina borrokatu egin beharko dugu igoera lortzeko.

 

Mundu guztiak dio postu bat zuena dela ziur. Aise nagusitu zarete ARC Ligan, Kontxako sailkapen estropadan ere play-offeko aurkari guztiak baina denbora hobea egin zenuten… Ona al da faborito izate hori?

Nik ez diot garrantzia handirik ematen. ARC Ligan ikusi dut nire begiekin Lekittarra gu irabazteko gai dela, eta Zumaiak ere eskarmentu handia du play-offetan. Galiziako traineruen inguruan ez dakit ze iritzi eman, ez baitugu aurrez aurreko norgehiagokarik izan.

 

Kontxako sailkapen estropadako denborak erreferentzia baliagarria al dira?

Ezetz uste dut, ez baitakit aurkariek ze helbururekin egin zuten arraun. Akaso ordezko batzuekin aritu ziren, edo gauza jakin batzuk probatzen… Ez dakit. Ezin da ziurtatu Kontxako sailkapen estropadan onenak izan garelako, igoera postu bat lortuko dugula.

 

Aurkariren batek arduratzen al zaitu bereziki?

Ez, nik gure jardunari erreparatzen diot, gure lana ondo egiten badugu igoera postuetako bat guretzat izango dela ziur nagoelako. Beti gerta liteke ezustekoren bat, akatsen bat egin, eta horregatik, gu geu gara gure aurkari gaiztoena. ARC Ligako onenak izan gara, baina orain bi estropada erabakigarri geratzen dira, denetan garrantzitsuenak, eta urte osoko lana biribildu behar da Bermeon eta Portugaleten.

 

Eta nola ikusten dituzu bi estropada horiek? Bat itsaso zabalean eta bestea itsas adarrean, korronteak eta mareak.

Beno, garbi dago lehenengoa bigarrena baino garrantzitsuagoa dela. Egia da bi estropadetan egin behar duzula lan ona, baina Bermeon irabazten baduzu, zaila da ohorezko posizio hori galtzea. Itsas adarrak badu bere eragina, baina ontzi guztiak kale beretik arituko gara, eta erlojupekoan, eta horrek korronteen eragina murriztuko du.

 

Bi kategoriak ezagutzen dituzu. Zierbena urtebete egon zen elitean, baina berehala maila galdu. Tarte handia al dago ARC eta ACT ligen artean?

Bi lehiaketek dituzte gauza onak, eta ez hain onak. Niri San Miguel Ligara bueltatzea gustatuko litzaidake, gorabeherarik gabeko urte bat osatzeko. San Miguel Ligan egon ginen urtean martxoa arte egon ginen ligan ariko ginen jakin gabe, gaizki hasi ginen etxean, eta urte osoa kontrakarrean ibili ginen, zulotik aldendu ezinik. Urte honetan lauzpabost fitxaketa egin ziren, eta errendimendua askoz hobea izan da. Orain dugun taldearekin mailarik ez genuela galduko uste dut, eta hori frogatu nahi nuke 2014an.

 

Zierbenak igoerarik ez lortzea kolpe handia al litzateke?

Bai. Ez dakit porrota hitza erabiltzea gehiegizkoa ote den, baina denboraldi osoa goi-goian eman eta errematerik ez ematea, gogorra izango litzateke, bai. Halere, ni baikorra naiz, eta ez dut egoera horretan pentsatu ere egiten.

Itzuli