Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

25 Uzt 2013

"ARRAUNAK GETXO EMATEN DU EZAGUTZERA, ETA GETXOK ARRAUNA; ELKAR ELIKATZEN DIRA"

"ARRAUNAK GETXO EMATEN DU EZAGUTZERA, ETA GETXOK ARRAUNA; ELKAR ELIKATZEN DIRA"

Imanol Landa, Getxoko alkatea

Imanol Landak urteak daramatza dagoeneko Getxoko alkate jardunean (46 urte). Bertakoa izanik, ondo ezagutzen du eskuin ibarreko hiri hori, zer esanik ez bere erakargarritasun garrantzitsuenak. Bat eskatu, eta zalantzarik gabe botatzen du: “Itsasoari begira bizi da Getxo, eta jakina, arrauna eta itsasoa banaezinak dira”. Getxoko Udalak 35. urtez babestuko ditu estropadak, eta ACT elkarteko web orriak Udaleko aginte-makilaren jabearen iritzia jakin nahi izan du.

 

Larunbatean arraun menu betea antolatu duzue herrian. Zer dela eta?

Beno, gure izaera, nortasunarekin zerikusia daukan kontua da. Getxok itsasoarekin harreman handia du, hor dugu Algortako Portu Zaharra, eta uztailaren 27an San Inazio herriko festetan murgilduta egongo gara bete-betean. Zer hobe festa betean itsasoarekiko lotura arraun lehiaketekin girotzea baino? Getxon arraun zaletasun handia dugu, bi klub ere bai: Getxo Arraun Elkartea eta Raspas, eta bi klub horien estropadaz gain emakumezkoen bat, eta gizonezkoen hiru txanda ikusi ahal izatea larunbat arratsalde pasa bikaina delakoan nago. Alor guztiak sustatu nahi ditugu. Emakumezkoen Bizkaia ontzian hiru getxoztar arraunlari ditugu, eta horiei ere babesa eman nahi diegu estropadarekin. Zale guztiei gure hirira hurbiltzeko deia egin nahi nieke, Getxo benetan hiri polita delako, festetan gaudelako eta ahalik eta ondoen zainduko ditugulako bisitariak. Omenaldi berezi bat ere egingo diogu Agirre Lehendakaria izan zenari, Getxoko alkatea ere izan zelako.

 

35 urte jarraian estropada bat babesten. Urte asko dira…

Udalak herritik jasotzen duen mandatua da. Arraunak gurean duen zaletasun handiari ematen diogun erantzuna da, eta arrauna betiko kirola da, euskal nortasunaren ispilua. Azkenean Udaletik euskal kultura eta kirola sustatzeko dugun konpromisoaren isla da. Arrauna herri kirola da, Euskal Herriko nortasunaren ispilua, eta guk hori sustatzen dugu.

 

ACT elkartearentzat garrantzitsua da Getxoko Udalak eta antzeko beste babesleek arraunari ematen dioten bultzada.

Guk ere asko jasotzen dugu trukean, eta faktore garrantzitsua da. Arraunak oihartzun handia du komunikabideetan, eta estropada bera telebista bitartez ikustez da. Horrek Getxo Euskadin eta Euskaditik kanpo ezagutzera eramaten du. Horrek, bisitarien kopurua handitzen du gure hirian, eta bisitari horiek aberastasuna eragiten dute Getxon, ekonomikoa eta beste arlo batzuetan. Arraunak Getxo ematen du ezagutzera, eta Getxok arrauna, elkar elikatzen garela esan genezake. Arrauna alor guztiontzat da ona, normala da denontzat onak diren gauzak egitea.

 

Deigarria da Getxoren babesa 35 urtekoa izatea, eta hiriak arrauneko lehen mailan talderik ez izatea. Zein da egoera?

Ilusio handiarekin ari dira, eta ari gara lanean. Niri ere gustatuko litzaidake Getxok San Miguel Ligan ordezkariren bat izatea, baina lehentasuna oinarria laguntzea, lantzea da, kirolari gazteekin-eta. Pixkanaka koskak igotzen joan eta epe ertainean onenekin egotea litzateke erronka, baina lehentasuna ahaztu gabe, eta lehentasuna oinarria lantzea da.

Itzuli