Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

13 Eka 2013

"BARTZELONAKO ESTROPADAK ARGITUKO DU ONTZI BAKOITZA NON ETA NOLA DAGOEN"

"BARTZELONAKO ESTROPADAK ARGITUKO DU ONTZI BAKOITZA NON ETA NOLA DAGOEN"

Gentza Zubiri, Kaiku-Ambilamp klubeko arraunlaria

Plentzia eta Gorliz batzen dituen hondartza hutsik dago. Udazken giroa dago uda atarian, baina Gentza Zubiri fin-fin dago, 79 kilorekin, arraun denboraldiari begira (Gorliz, Bizkaia, 26 urte). www.ligasanmiguel.com atarikoak jarduneko txapeldun baten iritzia jakin nahi izan du, liga Bartzelonan hasteko egun pare bat falta direla.

 

Denboraldia hastear da, baina dagoeneko hilabeteak daramatzazue lanean. Nola izan da prestakuntza, nola zaudete, non, ze asmorekin?

Azaroan hasi ginen, pentsa. Ni 86 kilorekin hasi nintzen, orain 79 kilotan nago. Lan saio gogorrak egin ditugu. Bateletan eta trainerilletan ez da nabaritu, baina trainerurako entrenamendu onak ditugu. Asmoa, noski, liga irabaztea da, baina sentsazioa, hirugarrenez jarraian irabaztea garesti egongo dela.

 

Pisuarekin gorabeherak dituen mutila izan zara.

Beno, batez ere lehen urtean. 90 kilo nituela hasi nintzen Kaikurekin, eta denboraldi berean 76 kilorekin bukatu nuen. Pentsa ze astindua hartu zuen gorputzak. Ondoren dinamikara ohitzen zara eta samurragoa da prestakuntza.

 

Nor da Gentza Zubiri?

9 urte zituen arte Bilbon bizi zen haur normal bat, Plentzira etorri zena gero. Ikasketekin-eta oso fin ez, eta zer egin jakin ez eta arraunean probatu genuen anaia eta beste lagun batek, Arkoten. Ondo aritu ginen, baina hor gazte garaiak etorri ziren, tentazio asko, eta zortzi bat urte arraunetik aldenduta eman nituen. Halako batan Kaikutik deitu ninduten eta Sestaora joan nintzen. Pedro Mari Abanto ezagutzen nuen, Kaikuko zuzendaritzan sartu zen, eta probatu nahi ote nuen galdetu. Galdu ezin zen aukera zela esan zidaten etxean. Kaiku ARC-1 ligan zegoen, Kortarekin, dena irabazten, eta hara joan nintzen. Probatzera, behintzat. Ez neukan fede handirik, baina gaur arte. Lehen urtea oso gogorra izan zen, baina giroa ona zen, eta nik neuk ere halako arantzatxoa banuen arrauna utzi nuen moduan utzi nuelako. Banekien lehengai ona nuela, eta probatu egin nahi nuen.

 

Bosgarren urtea aurten Kaikun. Denak Kortarekin, eta bere konfiantzarekin. Azken bi denboraldietan 10 eta 12 aldiz, titular ontzian.

Datu ona da. Kortari ez zaio gustatzen ni bi estropadatan jarraian jartzea, larunbatean lana eta igandean atsedena, edo alderantziz, halatsu ibili izan naiz. Jende gutxi da asteburu berean bi estropada ondo egiteko gai, jende handia batez ere.

 

Zer moduz Kortarekin?

Ondo. Eskatu egiten du, eta nik ahal dudana eman. Berak badaki nik nire mugak ditudala, baina baita ere indar gramo bakar bat utzi gabe bukatuko dudala estropada. Arraunean buruak lan handia egiten du, nekeari buelta eman ezin eta beste, eta nik alor horretan ez daukat arazorik. Korta entrenatzailea da, eta esaten duena onartu behar da. Nik lagun batekin bezala hitz egiten dut berarekin, txantxetan noraino aritu zaitezkeen ikasten duzu denborarekin, eta berak eta guk tentsio apur bat askatzen dugu. Horregatik da ona kirol hau, dauzkazun tentsio puntuak askatzen dituzulako, arazoak ahaztu bizpahiru ordutan.

 

Kaikuk irabazi ditu azken bi Ligak, jende guztia zuei begira dago. Zer duzu esateko?

Ez dela erraza izango. Orokorrean maila ez da apaldu, beste taldeek ere fitxaketa onak egin dituzte. Norbaitek gora egingo du, besteak behera, baina hori ezin da aurreikusi. Eragina duten faktore asko daude: zortea, itsasoa, arraunkerarekin puntu onik lortu ez…

 

Handia litzateke Liga hirugarrenez irabaztea ezta?

Nik inoiz ez dut ikusten nire burua faborito moduan. Akaso faboritoen artean gaude baina bakarrak ez… Oso gutxitan ikusi dut garbi-garbi irabazle izango ginela. Ez dago arerio txikirik, eta faborito garbi dioenak sekulako muturrekoa hartuko du agian. Lehen txandan egongo garela? Bai, hori pentsatzen dut. Liga irabazi… Jendea gure bila dator, eta tentuz jokatu behar da. Liga hasierak beti gaizto samarrak izaten dira eta aurtengoa ere bai, Bartzelonako hasierarekin.

 

Nor izango da zuen aurkari?

Begira pasa den denboraldian Hondarribia-Orsarekin izan genuen borroka. Segundo pare baten bueltan ibili ginen, eta hori ez da ezer. Tiran-Pereirak ere estropada onak egin zituen, Bermeo Urdaibai-Umpro Avia hor egongo da, eta gipuzkoarrekin, Pasaiko biak eta Orio-Babyauto, kontuz haiekin. Lehenengo estropadak gauza asko argituko ditu, denboraldia hasi arte inork gutxik erakusten duelako bere indarra. Gero entrenatzaileen xake mugimenduak-eta hasiko dira, aldaketekin, sasoi puntu on eta ez hain onekin…

 

Bartzelonan hasteak halako urduritasuna sortzen al dizue?

Ez, ura berdina da hemen eta Bartzelonan. Bigunagoa edo gogorragoa, baina ura.

 

Kaiku-Ambilampek lau baja ditu, eta sei mutil gazte igo harrobitik. Fitxaketa sonatu bakarra Asier Zurinaga patroiarena izan da. Nolako ontzia duzue?

Atera den ontzia atera da. Patroia harrobiko mutila izateak joku asko ematen dio ontzian arraunean ari garenoi. Harrobikoak ARC-1 mailan aritu ziren iaz, eta maila horretatik ACTra lana egiteko modua, exijentzia, asko aldatzen da.

 

Eta bajak ze, garrantzitsuak edo ez?

Bai, baina inor ez da ezinbestekoa, salbuespen batzuk izan ezik. Nik Beñat Astelarrarekin harreman ona nuen, biok elkarrekin joaten ginen hemendik, eta orain bakarrik joan behar dut.

 

Zer dio Sestaoko jendeak?

Pozik daudela uste dut. Jakina, hau eta beste lortu behar dela esaten dute, baina hau ez da matematika, zientzia zehatza.

Itzuli