Albisteak 2012

LEHIAKETA

12 Ira 2012

BERMEO, HAUTAGAI INDARTSUENEN AZKEN AUKERA, KAIKU AMBILAMP TXAPELDUN BIRTUALAREN AURKA

BERMEO, HAUTAGAI INDARTSUENEN AZKEN AUKERA, KAIKU AMBILAMP TXAPELDUN BIRTUALAREN AURKA

Urdaibai Umpro Avia, Hondarribia Orsa eta Tirán Pereira Bermeo Hiriko XXX. Ikurrina bandera poltsikoratzen saiatuko dira

San Miguel Liga bukaerara iristen ari da. Udazkena ate joka dagoela, barrura, babesera begiratzen hasteko garaia da, baina Bermeon jai giroan daude, herriko festetan murgilduta, eta San Miguel Ligako tropelari ongietorria egiteko prest. Han jokatuko da denboraldiko 17. estropada puntuagarria, ligako azken aurrekoa: BERMEO HIRIKO XXX. IKURRINA. Eguerdian egin da estropadaren aurkezpena, herriko udaletxean, eta bertan izan dira herriko alkatea, Idurre Bideguren anderea, eta Bermeo A. E.ko presidentea, Josu Zabalondo Jauna.

 

Jardunaldia arratsaldeko 6retan hasiko da, igoera/jaitsiera kanporaketako lehen estropadarekin. Zumaia Altuna y Uria, Orio Babyauto, Santurtzi Iberdrola eta Amegrove Travel Viabus taldeek parte hartuko dute. Alegia, eta hurrenez hurren, San Miguel Ligako 11. sailkatuak, KAE1 Ligako lehen bi sailkatuak, eta Galiziako Traineru Ligako garailea. Lau ontziek erlojupekoan egingo dute arraun, kale beretik, eta minutuko tartearekin abiatuta. Puntuaketa eta beste arauen inguruko xehetasunak 2011ko ACT elkarteko Lehiaketa Arautegiko V. Atalean jasota daude (igoera keta jaitsierak kapituluan). Lehen estropadako garaileak lau puntu lortuko ditu, eta beste sailkatuek puntu bana gutxiago, hurrenez hurren. Puntuaketa sistema berbera erabiliko da igandeko estropadan, Portugaleten, eta puntu batuketaren ostean, puntu gehien lortzen dituzten bi ontziek lortuko dute igoera. Puntu kopuruan berdinketaren bat balego, bi jardunaldietako denbora batuketak hartuko lirateke irizpide gisa berdinketa hausteko, eta denbora onena lortzen duenarentzat izanen litzateke txartela.

 

San Miguel Ligari dagokionez, Urdaibai Umpro Avia, Hondarribia Orsa eta Tiran Pereira loria apur bat lapurtzen saiatuko dira dagoeneko txapelketa lotuta daukan Kaiku Ambilamp txapeldun birtualaren aurka. Nola? Bermeoko ikurrina irabazita. Sestaokoek errenta bikaina dute San Miguel Ligako sailkapen orokorrean, 13 puntu, eta zeruak eta lurrak bat egin beharko lukete ia, haiek Mapfre Koroa galtzeko. San Miguel Ligako estropada 18:30an hasiko da.

 

Bi estropadak zuzenean jarraitu ahal izango dira ACT elkarteko web gunearen bitartez (www.ligasanmiguel.com), eta ETB 1 telebista katean, eta estropadak bukatu ostean, zale guztiek Bermeon gertatutako guztiaren berri zehatz jasotzeko aukera izango dute web gunean, kronika osatu baten bitartez.

Itzuli