Albisteak 2014

LEHIAKETA

28 Eka 2014

Denboraldia abian da Mediterraneoko uretan

Denboraldia abian da Mediterraneoko uretan

San Miguel Ligaren lehen jardunaldia jokoan izango da bihar Euskadi Basque Country II. Banderarekin

Bihar eguerdiko 12.00etan Euskadi Basque Country II. Bandera, ospe handiko eszenatoki batean izango dugu, Bartzelonan. Bigarren urtez jarraian Vela Hotela -irteera eta helmugako balizak dauden tokia- eta Platja de Sant Sebastià -kanpoko balizak dauden tokia- artean dagoen distantziak epaituko du zein izango den udako lehen banderaren irabazlea inoiz baina berdinduago dagoen denboraldi batean. Gaur goizetik jada Bartzelonan dira 12 taldeetako arraunlariak eta eguna estropada-eremuan entrenatzeko erabili dute.

Taldeak, pasa den asteazkenean Bartzelonako Udaletxean zozketatu ziren hiru txandatan egongo dira banatuta. Lehenengo txandan Urdaibai Avia, Zierbena Bahias de Bizkaia, Kaiku Ambilamp eta San Juan Iberdrolak egingo dute arraun; bigarrenean aldiz, Astillero, Pedreña, Cabo eta Hondarribia Orsa egongo dira; azkeneko txandan Portugalete Eulen, Tirán Pereira, San Pedro Ecolmare eta Orio Babyauto izango ditugu estropadari amaiera emateko arduradunak.

Badirudi lehen jardunaldi hau nahasia izan daitekela eguraldiari dagokionez, euria egiteko probabilitatea nahiko altua baita. Dena dela, 12 taldeek euren indar guztiekin ekingo dute denboraldia modu hoberenean hasteko.

Ekitaldiak egun guztian zehar

Gaurko egun guztian zehar ekitaldi ugari ospatu dira San Miguel Ligaren gune ludikoa kokatua dagoen Plaça del Mar enparantzan. Herri Kirol erakustaldiak, ergometro lehiaketa herrikoia edota euskal gastronomiaz gozatu ahal izan du hara gerturatu den jendeak. Arratsalde-gau partean Belako eta Free Fall Band izan dira jardunaldiari doinua jartzearen arduradunak San Miguel eszenatokian.

Biharko jardunaldiari begira, egitaraua oso orotarikoa da eta estropadaz gain, surf erakustaldi, Herri Kirol eta gastronomia berriz ere aste bukaera zoragarri honen protagonista izango dira.

Itzuli