Albisteak 2013

LEHIAKETA

08 Abu 2013

DENBORALDIKO ESTROPADA IKUSGARRIENETAKOA JOKATUKO DA IGANDEAN SAN PEDRON

DENBORALDIKO ESTROPADA IKUSGARRIENETAKOA JOKATUKO DA IGANDEAN SAN PEDRON

San Miguel Ligako ontziek bost ziaboga eta sei luze osatu beharko dituzte, Portu barruan

Datorren igande eguerdian, abuztuak 11 dituela, denboraldiko estropada ikusgarrienetakoa jokatuko da Pasai San Pedron: PASAIAKO PORTU AGINTARITZAKO III.BANDERA. Erakunde horrek duen egoitzan egin da aurkezpena eguerdian, eta han izan dira Portu Agintaritzako zuzendaria, Gregorio Irigoien Jauna, Portu Agintaritzako Komunikazio arduraduna, Gorka Reizabal Jauna, eta San Pedro arraun elkarteko presidentea, Josetxo Aranburu Jauna. San Miguel Ligako estropada baino lehen, emakumezkoen ligako 6. proba puntuagarria jokatuko da, eguerdiko 12tan hasita: EUSKOTREN II. BANDERA.

 

Pasaiako Portuak ezaugarri bereziak ditu, eta horrek estropaden ohiko formatuaren aldaketa ekarriko du. Traineruek portu barrualdera egingo dute arraun, itsasorantz egin beharrean. Horregatik, emakumezkoen lasterketak hiru luze eta bi ziaboga izango ditu, eta gizonezkoenak, sei luze eta bost ziaboga. Bistakoa da patroien lana beste inon baino erabakigarriagoa izango dela, ziabogatan irabaz daitezkeen segundo horiek balantza desoreka dezaketelako alde batera edo bestera. Zaleentzat ere berezia da estropada, oso gutxitan ikusi baitaitezke ontziak bost ziaboga ematen. Horregatik, San Pedron jende piloa biltzea espero da.

 

Etxeko ontzia borroka latza mantentzen ari da Pasai Donibaneko bizilagunekin. Biek ala biek puntu kopuru bera dute San Miguel Ligan, 73, eta esan beharrik ere ez, sailkapenean aurkari gaiztoenaren aurretik geratzea askok pentsatzen dutena baino garrantzitsuagoa da. Libiak lau onenen artean bukatu nahi luke liga, baina Hondarribia Orsa eta Tiran Pereira urrun samar ditu. Etxeko zaleen epelean, ordea, kontrako alde hori nabarmen murrizteko gai ikusten dute euren burua.

Itzuli