Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

05 Abu 2013

"ERRENTERIAN BI ARRAUN ONTZI LEHIATZEN EDUKITZEA BALORATU BEHARREKO AHALEGINA DA"

"ERRENTERIAN BI ARRAUN ONTZI LEHIATZEN EDUKITZEA BALORATU BEHARREKO AHALEGINA DA"

Eli Pescador, Hibaika Jamones Ancin ontziko arraunlaria

Eli Pescador Hibaika Jamones Ancin ontziko arraunlari ezagunenetakoa da (Errenteria, 31 urte). Neguan eta udaberrian herriko ontzian zailtzen zen, eta udan herritik kanpo egin arraun, ontzi faltagatik, lau urtez. Azken bietan pozarren da, Errenteriak ontzia uretaratu duelako, eta aurten Euskotren Ligan lehiatzen ari delako. Bilakaera horren berri zehatz eman du.

 

Nor da Eli Pescador, eta nondik nora sortu zen Hibaika?

Beno, niretzat aurtengoa seigarren urtea da arraunean. Aitak bultzatzen ninduelako hasi nintzen ni, eta lagun batek Hibaikan hasteko esan zidan. Beti herriko traineruan aritu izan naiz, baina udan beste ontzi batzuetan, Errenterian ez genuelako ontzirik izan pasa den urtea arte. Trainerilla eta bateletan aritzen nintzen uda bitartean, eta gero Hondarribia eta Zumaian aritu izan naiz. Pasa den urtean, ordea, trainerua atera genuen, eta herrian geratu, arraunean. Bertakoak garenontzat oso garrantzitsua da ontzia edukitzea. Bi ditugu, bat mutilek KAE-2 ligan, eta bestea guk, eta oso pozik gaude, herrikoak izan, baina herrian arraun egiteko aukerarik eduki ez duten kirolariak daudelako. Horiek beste leku batzuetara jo dute, izan tradizioagatik, baliabide gehiago zituztelako. Gu klub txiki bat gara, baina pixkanaka hazten ari garena. 100 bat fitxa ditugu, denera, klubak 25 urte bete ditu, eta iraganean arraunlariek egin zuten esfortzu handiari esker gaude hemen, sarietako dirua klubarentzat uzten zutelako. Gaur egun sarietako dirua arraunlariontzat da, diru laguntzak handitu egin dira… Zerbait izatea lortu dugu, aurretik egin zuten esfortzuari esker.

 

Errenteriakoa zara, pentsatzen dut zuretzat herriko ontzian arraun egitea baino ezer hoberik ez dagoela, ezta?

Jakina. Norberaren ilusioa bere jatorriko klubean arraun egitea da. Iaz uretaratu ginen, izugarria izan zen, eta aurten Euskotren Ligan sartu gara.

 

Jendeak galdetzen du: Errenterian arraunean? Ez dago kostaldean eta?

Oiartzun ibaian ibiltzen gara, baina ez da erraza, marea kontuengatik. Neguan ibiltzen gara, batez ere, baina bateletan. Udan Trintxerpe aldera jotzen dugu, Pasaiako portura. Gertu dago, bost bat kilometro, baina hara joan behar da, etorri… Tradizioaz, itsasoa Errenteria erdiguneraino iristen zen mende batzuk atzera, hainbat etxe arrantzale etxeak dira, eta tradizioa, egon, egon zen.

 

Eta Hibaika izena?

Ez nago oso ziur, baina elkarte baten izenetik datorrela uste dut.

 

Iaz lehen aldiz uretaratu, eta aurten Euskotren Ligan. KAE-2 Ligan ere mutilak ari dira. Zer dio herriko jendeak?

Sentsazio polita da. Ez dakit jendeak benetan baloratzen duen ze ahalegin suposatzen duen traineru bat uretaratzeak, asko kostatzen delako. Bi ontzi, ahalegin bikoitza: traineru bat alokatu, materiala… Jendeak animatzen gintuen hasieran ere, baina aurten gehiago nabaritzen da, telebistan azaltzen garelako. Elkarri elikatzen garela esango nuke, telebistak jendea, jendeak gu bultzatzen gaitu…

 

Zuentzat ezustekoa izan al da aurten Euskotren Ligan parte hartzea?

Ez. Aukera bagenuela jabetu ginen, aurkariekin batera arrauna egin genuelako. Ez zen bat-bateko estropada izan, dena espero bezala atera zen, eta sailkatu ginen.

 

Eta, zer moduz ligan?

Ondo, disfrutatzen. Behin sartuta gozatzea zen asmoa eta horretan ari gara, emaitzen gainetik.

 

Zumaia Salegi Jatetxea Itziar ontziak irits ezin dirudi, San Juan Iberdrola ez duzue hain urrun… zein litzateke zuen erronka etorkizunean?

Ez dugu horrelakorik planteatzen. Estropadaz estropada goaz, urrunago begiratu gabe, eta momentuz konforme gaude. Ez dugu helburu bat edo beste finkatu, postu bat edo beste lortu.

 

Arrauna eginez disfrutatzea posible al da?

Bai, estropada politak ateratzen direnean, batez ere. Askotan ez duzu disfrutatzen, baina nekatu eta gozatzen duzunean, sekulako sentsazioa da.

 

Prestakuntza sistema zer da, gizonezkoen berbera?

Garai bertsuan hasten gara, eta antzeko prestakuntza egiten dugu. Kontua da beraiek 20 minutuko estropadak egiteko prestatzen direla, eta gu 10 minutukoak.

 

Non bilatzen duzu motibazioa, egunez egun arraunean egiteko?

Gustatu egiten zaidala. Herrian arraun talde bat egoteko grinak ere asko laguntzen du. Beheko mailetatik jendea iristen ari da pixkanaka, eta klubak iraungo balu, ni pozik.

 

Euskotren Ligan Gipuzkoako lau talde daude. Ze hausnarketa sortzen dizu horrek?

Ez dakit zer gertatzen den, baina izan liteke emakumezkoen arrauna ez dela oso ondo zaintzen. Gipuzkoan bestelakoa da egoera, sei traineru gaude. Ez dakit klubek interesik ba ote duten emakumezkoen ontzi bat edukitzeko. Diru kontua izan liteke, ardurak hartzeko komeriak… Galiziako selekzioko kasua ere deigarria da oso.

Itzuli