Albisteak 2012

LEHIAKETA

10 Uzt 2012

"EZ GINEN HAIN TXARRAK LEHEN, ETA HAIN ONAK ERE EZ ORAIN"

"EZ GINEN HAIN TXARRAK LEHEN, ETA HAIN ONAK ERE EZ ORAIN"

Joxean Olaskoaga ‘Aizperro’, Portugalete-Eulen taldeko entrenatzailea

Portugaleteko Jarrillera San Miguel Ligan dago berriro. Lehen asteburua kaskar samarra izan zen. Play-off postuan zeuden lehen bi estropadak jokatuta, baina bigarren asteburuak poza ekarri du Ezkerraldeko herri hartara. San Nicolas ontziak atzean utzi ditu jaitsiera postuak, eta arnasa hartu lasai. Zuhur mintzatzen da, halere, Aizperro entrenatzailea (Orio, Gipuzkoa): “Hau hasi besterik ez da egin. Ez ginen hain txarrak pasa den astean, eta ezta hain onak aste honetan ere”.

 

A ze aldea, pasa den astea eta aste honen artean. Aste honetan hobeto ezta?

Bai, bai, dudarik ez aste honetan askoz hobeto gaudela. Lehen estropadan, Zierbenan, ez genuen gozatu, gauza okertzen hasi zen, eta Astilleron ere konfiantza faltarekin. Pedreñak aurrea hartu zigun azken luzean, Castro ere ondo aritu zen, eta asteburu motela izan zen guretzat. 7. eta 8. postuen artean egotea espero genuen, baina besteak ere asko ibiltzen direla ikusi genuen. Gogorrak izan ziren lehen bi egunak, baina asteazken eta ostegunean buelta ematen hasi ginen, eta ostiralean txalupa ondo ikusten genuen. Larunbatean 9. sailkatu ginen, kale txarra egokituta eta eguraldi baldintza txarrekin. Indarra hartu genuen, eta Zarautzen, zorte on apur batekin, gure txanda irabazi eta puntu kopuru ona lortu genuen.

 

Aste txarra esaten duzunean zer esan nahi duzu?

Liga luzea dela, eta oinak lurrean edukitzea derrigorrezkoa dela pentsatzen duzu. Gauza baikorrak bilatu nonbait. Maila hobexeagoa emateko gai garela sinestea. Beteranoak gara, eta alde horretatik lasai geunden. Tentsio apur batekin, baina lasai. Pixka bat asmatuz gero zulotik irtengo ginela sinetsita. Tripulazio fuerte asko daude, Pedreña eta Astillero adibidez, eta haiek asmatzen hasten badira, kontuz… Pazientzia eduki behar da.

 

Portugaletek jaitsiera postuak aise libratuko zituela esan zuten aditu gehienek denboraldia hasi aurretik.

Beno, ohituta gaude halako esanetara dagoeneko. Parekotasuna ikaragarria da. Hiruzpalau segundotan hiru edo lau puntu daude, eta lortzen dituenak asko irabazten duen bezala, bakarra lortzen duenak asko galdu. Huts egin genuen lehen asteburuan, eta oraindik ere huts egingo dugu, ziur. Halere, mailari estutasunik pasa gabe eutsiko diogula da nire ustea.

 

Galde diezaietela zumaiarrei, ezta, asteburu bakarrean zer gerta daitekeen.

Bai, baina hurrengo astean beste edozeini gerta dakioke Zumaia-Altuna y Uriari gertatu zaiona. Konturatzen zarenerako, 5-10 segundok ihes egiten dizute, eta akabo, ez dago bueltarik.

 

12. postua, jaitsiera zuzena dakarrena, nahiko urrun duzue.

Zierbena-Bahias de Bizkaia azkena izan da lau estropadetan. Lasaitasuna ematen al du horrek?

Lasaitasunik ez dago hemen. 12. jaisten da, baina 11. geratzen denak ere arrisku handia du maila galtzeko. Bi puntu kentzen dizkiogu Zumaiari, eta hori ez da ezer. Galizian bi estropada txukun egingo bagenitu, orduan bai pozik.

 

Kantabriako hiru ontzien jardun apala ere harrigarri samarra izan da.

Beno, Pedreñak liga hasi aurretik finkatu zituen helburuak gehitxo ziren, akaso, nire ustez. Ohorezko txandan sartzeko helburua jartzea kontra etorri zaie apur bat, eta dagoeneko atzera egin du entrenatzaileak. Dudak etortzen dira, eta hori ez da ona inoiz. Hondarribia Orsa bezala. Denok ari gara Kaiku Ambilamp, eta Urdaibai Umpro Avia, Urdaibai eta Kaiku, eta hor dago Hondarribia. Presioa ondo eramaten badute, kontuz.

 

Eta zuek, zer moduz daramazue presioa, herriaren babesa eta beste?

Nobedade bat izan da herrian. Pasa den urtean ia bandera denak irabazi genituen, baina telebistarik gabe, oihartzuna askoz ere apalagoa da. Astelehenean lan saio arina egin genuen, eta ibai ertzetik-eta, jendearen oihuak entzuten hasi ginen: ‘Aupa Portu’ eta antzekoak. Jarraipena askoz ere handiagoa da San Miguel ligan, ezin da alderaketarik egin.

 

Zer moduz zu Portugaleten?

Ondo, lau urterako kontratua sinatu nuen, eta aurtengoa bigarrena da. Balantzea ona da. Momentu gogorrak eduki ditugu, eta errepideko joan-etorria ere ez da samurra. Giro ona dugu, koadrila ona, euskaldun asko, anaia ere han, Iurgi zumaiarra ere bai, jende noblea… alde horretatik ez dago kexarik.

 

Lau estropada jokatu ondoren, zein da Portugaleteren helburua?

Bigarren multzo horretan egotea. Mantentzeko helburu soila edukitzea arriskutsua da, Orioren aurka lehiatu behar zarelako play-offean. Gainera, play-offean parte hartzen duen San Miguel ligako ontzia zalantza askorekin iristen da, eta behetik gora datorrena, oso indartsu. Zortzi aurrenekoetan sartzea litzateke helburua.

 

Bestelakoan, ze analisi egingo zenuke San Miguel ligari buruz?

Pasaitarren maila ona azpimarratuko nuke, neguan ondo arituko zirela sumatzen bazen ere, eta txarrean, ba Kantabriako hiru ontzien emaitza apalak. Hondarribia ez da izan ezustekoa, iaz ikusi zen tripulazio gaztearekin ze emaitza onak lortu zituzten. Tiran-Pereira ontziaren lan ona ere ez da ezustekoa. Iaz ere bikain aritu ziren, eta erne beraiekin asteburuan. Atzetik aurrera egiten dute, eta buruz-eta oso gogorrak dira.

 

Gauza ona litzateke zuentzat abuztu erdirako mailari eusteko lorpena gauzatzea, lasaiago aritzeko eta hurrengo sasoiari begira jartzeko ezta?

Bai, oso garrantzitsua. Abuztu hasierarako jakingo dela pentsatzen dut, Zarauzko estropadarako agian. Pausoz pauso, halere. Lehen geltokia, Galizia, eta gero-gerokoak.

Itzuli