Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

20 Abu 2013

"KOSKAK IGOTZEN GOAZ, ETA HURRENGO URTEAN ONENEKIN EGOTEA ESPERO DUGU"

"KOSKAK IGOTZEN GOAZ, ETA HURRENGO URTEAN ONENEKIN EGOTEA ESPERO DUGU"

Juan Antonio Espinazo, Portugalete Eulen taldeko arraunlaria

Ez dago San Miguel Ligan Juan Antonio Espinazo baino arraunlari zaharragorik (Portugalete, 48 urte). Klub bakarreko kirolaria da, bizitza osoa Portugaleten, eta Jarrilleran. Aurten ontzi barruan arraunean, Josean Olaskoaga entrenatzaileak hala eskatuta, baina eskatzen dioten zereginean laguntzeko prest. Konforme da klubak denboraldi honetan egin duen lanarekin, eta etorkizuna baikor ikusten du: “2014an onenen alboan egingo du arraun Jarrillerak”.

 

Zure kirol fitxan 48 urte dituzula dio. Zure kirol ibilbidearen xehetasun batzuk emateko modurik bai?

Portugaleteko arraunlari beteranoa naiz. 1980an hasi nintzen arraunean, kadeteetan, 85ean soldadutza egin, bueltatu eta klubean jarraitu dut orain arte. Batzuetan arraunean, besteetan klubeko gauzetan laguntzen… eskatu didatena.

 

Aurten berriro ontzi barruan, deigarria da.

Bi urte neramatzan arraun egin gabe, jende gaztea ere sartu zen, baina denboraldi hasieran Josean arraun egiteko aukeraz mintzatu zitzaidan (Josean Olaskoaga Aizperro, Portugaleteko entrenatzailea), eta ez nuen bitan pentsatu, itsu-itsu esan nuen baietz. Egia da dagoeneko hausnartzeko moduko adina dudala, baina medikuak eta prestatzaile fisikoak kontrakoa esaten ez duten bitartean, nik arraunean jarraituko dut. Joan, inoiz ez naiz joan. Entrenamenduetan-eta parte hartu dut, jubenilen eskolan lagundu… beti egon izan naiz aktibo.

 

Ba al dago zu baino arraunlari zaharragorik San Miguel Ligan?

Uste dut Vicuña. Castrokoa, nire adin berekoa dela, baina ez daude asko. Izan ere, 48 urterekin akaso burua beste gauza batzuetan edukitzea da normalena, bizitzak bere zikloak dituelako, baina nik oso harreman estua dut Jarrillerarekin, eta 48 urterekin arraun egitea, Josean Olaskoagak konfiantza hori ematea, oso garrantzitsua da niretzat. Urte asko daramatzat dagoeneko klubean, eta ezingo nuke klubarekin harreman estua eduki gabe bizi. Gauza bat edo beste egin, baina zerbait egiten. Arraun egiteari uzten diodanean ere klubari lotuta jarraituko dudala uste dut.

 

Zer moduzkoa da beste arraunlariekin duzun harremana, batez ere gazteenenekin duzuna?

Ona. Badakite eskarmentu handiko arraunlaria naizela, eta errespetuz zaintzen naute, adeitsuak dira nirekin. Bakarren batek jardun honetarako zaharra naizela pentsatuko du, eta agian arrazoi izango du, baina tira. Ez naiz damutzen baiezkoa eman izanaz.

 

Egin dezagun jauzi kirol kontuetara. Denboraldia bere bukaerara iristen ari da, eta Portugaleteren hasierako helburua Ohorezko Txandan arraun egitea zen. Helburu hori garesti samar dago orain. Ze balantze egiten duzu denboraldiaren inguruan?

Nire ustez balantzea ona da. Egia da hasierako helburua lau onenen alboan egotea zela, baina Hondarribia Orsak ihes egin digu erremediorik gabe, eta orain 5. postua ziurtatzea da erronka, atzetik datozenak gertu baitaude.

 

Badira klubak, zuen antzeko maila edukita, banderak irabazi dituztenak. Zuek, ordea, ez. Zergatik?

Oso zaila delako. Estropada batzuetan gertu egon gara, Zumaian esaterako, edo Zarautzen, pasa den asteburuan. Baina egia da puntutxo bat falta izan zaigula banderaren bat lortzeko.

 

Nola ikusten duzu kupoen kontua?

Nire ustez ez du eraginik izan gure jardunean, eta kupoekin edo gabe, errendimendua antzekoa izan da. Bizkaiko Txapelketan Kaiku Ambilampengandik gertu egon ginen, eta San Miguel Ligan ez gara hain urrun ibili.

 

Garbi dagoena zera da, Jarrillera hobetzen ari dela pausoz pauso, eta onenak gero eta gertuago dituzuela. Ados al zaude iritzi horrekin?

Hala diote zenbakiek. Aurten pasa den denboraldian baino puntu kopuru bikoitza lortu dugu, eta hori asko hobetzea da. Hurrengo urtea proiektuaren laugarren urtea izango da, eta Portugalete elitean finkatuko den denboraldia izan behar luke. Plantila osoagoa izango gara, arraunlari propio gehiago izango duena, eta bultzada horrek nahikoa izan behar luke 2014an onenen alboan egoteko.

 

Zu zeu ontzian egongo al zara?

Ez dut uste. Kontuan hartu ordurako 49 urte izango ditudala, eta lekua utzi beharko zaie bultzaka datozenei. Honaino iritsi gara, eta harro gainera. Klubera etortzen jarraituko dut, behar denerako laguntza emateko gertu, eta Jarrillera ertzetik animatzeko prest.

Itzuli