Albisteak 2013

LEHIAKETA

10 Uzt 2013

RAZIO BIKOITZA PEDREÑAN: DYNASOL SARI NAGUSIA SAN MIGUEL LIGAN ETA EUSKOTREN LIGAKO LEHEN ESTROPADA

RAZIO BIKOITZA PEDREÑAN: DYNASOL SARI NAGUSIA SAN MIGUEL LIGAN ETA EUSKOTREN LIGAKO LEHEN ESTROPADA RAZIO BIKOITZA PEDREÑAN: DYNASOL SARI NAGUSIA SAN MIGUEL LIGAN ETA EUSKOTREN LIGAKO LEHEN ESTROPADA

Emakumezkoen lehiaketan zazpi ontzi hiru txartelen bila lehiatuko dira, Zumaiarekin batera Euskotren Ligan jarduteko

Galiziako bueltaren ostean, San Miguel Ligak ekialderako bidea hartuko du berriro. Kantabriara, Pedreñara hain zuzen ere. Han jokatuko da ligako seigarren estropada puntuagarria hurrengo larunbatean: VIII BANDERA MARINA DE CUDEYO – DYNASOL SARI NAGUSIA. Gaur eguerdien aurkeztu da estropada Marina de Cudeyoko (Rubayo) Udaletxean, eta han izan dira bertako alkatea, Federico Aja Jauna, Kantabriako Gobernuko Kirol saileko arduraduna, Javier Soler Jauna, Dynasol etxeko ordezkaria, Salvador Ruiz Jauna, eta Pedreñako arraun elkarteko presidentea, Calixto Presmanes Jauna. Aurkezpena bukatuta, omenaldi xume bat egin zaio Dynasol etxeari. Pedreñako arraun elkarteko Calixto Presmanes presidenteak "platanito" jantzi berezi bat oparitu dio Salvador Ruiz-i, Dynasol etxeak bandera babesten urtetan erakutsi duen fideltasunagatik.

Ligak lehen laurdena bete du, dagoeneko, eta Kaiku-Ambilampek zortzi puntuko alde erosoa lortu du sailkapen nagusian. Bizkaitarrak dira San Miguel Ligako ontzi erregularrena, postu okerrena hirugarrena izan baita. Arreta berezia eskaini beharko zaio etxeko traineruari, Pedreñari. Kantabriakoak 10. postuan daude sailkapen nagusian, jaitsiera eta play-off postuetatik ihes egin nahian. Momentuz hiru puntuko aldea kentzen dio Zunaiari, eta zazpikoa Castrori dagokionez. Larunbatean alde hori handitzeko asmoa izango dute, euren zaleen babesarekin.

San Miguel Ligako proba 19:00an hasiko da, baina ordu erdi lehenago 2013ko Euskotren Liga hasiko da. Aurtengoa emakumezkoen ligako bosgarren ekitaldia da, eta berrikuntzaz beteta dator parte hartzaileei dagokionez. Guztira zortzi ontzi izango dira asteburuko bi sailkapen estropadetan ariko direnak: Pedreña larunbatean 18:30an, eta Donostia igandean 12:00an. Bizkaia, Hibaika Jamones Ancin, Hondarribia Orsa, Orio Babyauto, San Juan Iberdrola, Santoña Grupo Tanet, Zarautz eta Zumaia Salegi Jatetxea Itziar dira sailkapen estropadetan parte hartuko duten klubak.

Zumaia Salegi Jatetxea Itziar ontziak ziurra du Euskotren Ligako postu bat, 2012ko txapelduna izan zelako. Beste hiru txartelak zazpi ontzien artean banatuko dira. Bi sailkapen estropadak erlojupekoan jokatuko dira, eta ontziak minutu bateko tartearekin abiatuko dira elkarren artean. Bi luze eta ziaboga bakarra osatu beharko dute. Bi estropadetako denborak batuko dira, eta sailkapenaren arabera, puntuak banatu: 8 lehenari, 7 bigarrenari, eta horrela azken sailkaturaino, puntu bakar bat. Antzera egingo da Donostian, eta bi estropadetako puntu batuketaren ostean hiru ontzi onenek Euskotren Ligan aritzeko sailkapena lortuko dute, Zumaiarekin batera. Puntuetan berdinketaren bat gertatuko balitz, bi estropadetako denborak erabiliko lirateke berdinketa hori hausteko.

 

Asteburuko bi probak, sailkapen estropadak izateaz gain, puntuagarriak izango dira Euskotren Ligako sailkapen nagusiari begira. Zortzi estropada izango dituen Liga. Pedreñan hasiko da larunbatean, eta abuztuaren 18an bukatu, Zarautzen, bi jardunaldiko estropadarekin.

Itzuli