Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

09 Abu 2013

"SENTIMENDUA SENDOA ETA BAKARRA DA, ETA NI SENTIMENDU MOREKOA NAIZ"

"SENTIMENDUA SENDOA ETA BAKARRA DA, ETA NI SENTIMENDU MOREKOA NAIZ"

Iñaki Arrieta, San Pedro Ecolmare ontziko arraunlaria

San Pedron jaio, hazi eta hezi. Klub bakarreko arraunlaria dirudi Iñaki Arrietak (Donostia, 26 urte). Ligako erdialdean ibilita kontent omen daude, “hobeto ibiltzeko itxaropenarekin”, baina talde indartsuenen mailara iristea ezinezkoa dela onartuta. Libiak etorkizun polita duela dio, eta urte batzuetan iraganeko arrakasta errepika litekeela.

 

Arraun tradizio handiko herrietan dauden klubetako arraunlari tankerakoa zara: herrikoa bertakoa, herriko ontzian hazi eta hezi zena, lehen taldera iritsi zena… zer suposatzen du horrek San Pedroko mutil batentzat?

Hemen pasatzen da, eta ibaiaren beste aldean, Pasai Donibanen ere bai. Arrauna da hemen lehen kirola, gazte gehienen ametsa da herriko ontzian arraun egitea, eta lehen talderaino iristea, gauza handia da. Zure koloreak Kantauri Itsasoko hainbat herritan, estropadetan erakustea… Ez dut uste beste klub batekin arraunean arituz gero, San Pedron sentitzen dudana sentituko nukeenik.

 

Iñaki Arrieta beste ontzi batean arraunean ez dugu ikusiko, beraz.

Ez dut uste. Zure herriko klubetik joaten bazara, diru sari baten truke da, eta akaso, garaipenak lor ditzakezu, baina sentimendua sendoa eta bakarra da, eta ni sentimendu morekoa naiz.

 

Sailkapenera begiratu, eta Pasaiako bi taldeak puntu kopuru bera duzue: 73. Ezin, parekotasun handiagorik eskatu, ezta?

Azken urteetan ere antzera gabiltza. Egunero haien ondoan entrenatzen, begirada bereziak, hauek ondo doaz… onartuta dugu borroka estua izango dela, eta jakina, guk aurretik geratuko garela uste dugu.

 

Ze giro dago egun Pasai Donibanerekin?

Asko hobetu da. Pikea, egon, badago, baina sanoagoa da. Harremana badugu, eta iraganean agian ez zen halakorik ikusten, giroa gaiztoagoa zen. Orain pike hori kirol esparrura mugatzen da.

 

Zein da orain arteko balantzea? Ona, ez hainbeste, konforme zaudete?

Nik uste konforme gaudela. Denboraldi hasieran egin genituen kalkuluetan 5. eta 7. postuaren artean egon gintezkeela pentsatzen genuen, eta hala izaten ari da. Goiko muga ohorezko txandara hurbiltzea zen, eta oraindik aukera badugu, nahiz eta aurrekoek duten tartea handia izan, baina Kontxako sailkapen estropada hurbildu ahala hobera egitea da helburua, eta hobekuntza horrekin San Miguel Ligan ere gora egin. Ez dakigu hobekuntza hori asteburu honetan iritsiko den, edo geroago, baina iritsiko da.

 

Ohorezko txanda, zer, utopia bat da, edo lortzeko modukoa?

Ez, ez, lortzea posible da. Asteburu batean gauzak asko alda daitezke ligan, eta matematikoki posible den bitartean, guk lanean jarraituko dugu.

 

Batzuetan Hondarribia Orsa edota Tiran Pereiraren pare edo aurretik ibili zarete, eta haiek banderak irabazi dituzte. Benetako aukerarik ikusten al duzue garaipenen bat lortzeko?

Oso zaila da. Sailkapenak ez du gezurrik esaten. Egia da estropadaren batean lau onenen artean ibili garela, baina bandera bat irabazteko gu baino maila hobeagoa duten hiru edo lau ontzik egin behar dute kale, eta hori gertatzea oso zaila da.

 

Igandean San Pedroko bandera. Inork ez du ezagutzen zuek baino hobeto estropada eremu hau, une aproposa izan liteke emaitza ona lortzeko.

Egunero hemen ibiltzen gara, eta marea eta dagoen haizearen arabera badakigu ze kale izan litekeen onena. Guk bezala, besteek ere badakite, ez pentsa sekretu handirik dagoenik dagoeneko. Ezin da informazio askorik eman, baina marearen arabera, herriko ertzeko kalea izan liteke onena. Asmoa bezperan, Hondarribian, lau onenen artean sartzea da, igandean, herriko zaleen aurrean azken txandan abiatu eta zerbait berezia lortzeko. Ea posible den.

 

Garai arrakastatsuak bizitakoa da Libia, zuk ere ezagutu zenituen haurra zinenean. Harrobiko taldea zareten neurrian, bueltatuko al da San Pedro onenen artera epe labur edo ertainean?

Zuhurtziaz jokatzea komeni. Bigarren trainerua lan ona egiten ari da, azken bi estropadak irabazi dituzte, baina mutil horiek gora igotzeko eta errendimendu ona emateko bizpahiru urte pasako dira ziurrenik. Dirudienez, gainera, dirua gutxitzen ari da, eta talde onak diruarekin egin dituzten taldeek zailtasunak izan ditzakete. Guk harrobia lantzen dugu, eta pentsatzekoa da epe ertainean Hondarribia Orsa, Orio Babyauto edo gure taldeen moduko garaia irits daitekeela.

 

Pasa den urteko afizio onenaren saria eman zioten San Pedrori. Ze giro sumatzen da herrian?

Nik uste ezagupen handia dutela, eta ulertzen dutela Kaiku Ambilamp, edo Urdaibai Umpro Avia bezalako talde handien aurka, fitxaketak egiten dituzten taldeen aurka zereginik ez dagoela. Gu bezala, ahalik eta postu onena lortzea nahi dute, baina 6. edo 7. geratzen bagara, gure goia hori dela sinetsita. Babes handia sumatzen dugu herritarren aldetik.

 

Nork irabaziko du Liga?

Kaiku Ambilampek, erraz.

 

Erabakita al dago?

Baietz esango nuke. Orio Babyautok ere pixka bat balaztari eragin diola dirudi, irailera begira.

Itzuli