ACT TV 2018
BEREZIAK
21 Uzt 2018
Urdaibai Aviak CaixaBank Kororantz egin du maniobra
Bou Bizkaiak eta San Juan Iberdrolak denboraldiko seigarren bandera irabazi dute Pasaian
Bikaina eta ederra Pasaiako uretan bizitako arraun jardunaldia. Parekotasuna izan da nagusi Eusko Label Ligako txanda guztietan, ontziak segundo gutxitan ikusi ditugu arraunean, baita ehunenetan ere. Ikuskizun paregabea Pasaiako Portura hurbildu diren zaleentzako.
II Bandera Adegi Urdaibai Aviarentzat izan da, azkenaldian ohikoa duen bezala, azken txanpan estropada hautsi eta gero. Bou Bizkaia eta GO fit Hondarribia parez pare ikusi ditugu lehen bost luzeetan. Ama Guadalupekoak garaipena errepikatu nahi zuen Pasaian, azken lau urteotan bezala. Urdinak eta berdeak estropada burua txandakatu dute estropadako tarterik handienean, baina berriz ere, bermeotarrak izan dira azkarrenak helmugan 19'29"00 eginda. Lur Uribarrenen ontzia ez da kikildu egin behar izan dituen bost ziabogetan, eta maniobraz maniobra, estropadako borrokan mantendu da azkenik garaile irteteko. Hiru segundo geroago heldu da Ama Guadalupekoa. Gipuzkoarretik gertu iritsi da Zierbena Bahias de Bizkaia, segundu bakarrera, eta Orio Babyautok itxi du txanda, bermeotarretik bost segundora. Lau ontziak ohorezko tandan jardungo dira bihar.
Parekatua izan da bigarren txanda ere. Santurtzi Iberdrolak hartu du estropada burua hasiera-hasieratik, baina gertu izan dira beti ere Donostiarra eta Ondarroa Cikautxo. Azken ziabogan Soterak bost segundoko aldea zuen gertuko lehiakideekiko, eta azken luze lasaia izan du. Borroka bizia izan da bigarren posturako, bideo finisharen laguntza behar izan da garailea zehazteko. Bantxak 50 ehuneneko aldea atera dio Antiguako Amari eta bigarren egin du. Askoz atzerago iritsi da Cabo, 22 segundora. Galizarrek eguneko 10. denbora egin dute.
Lehen txandan, Kaiku Produchak bolada onari eutsi dio eta biharko bigarren txandan lekua egin du. Bizkaitarratik 10 segundora ailegatu da San Pedro, Sestaokoen gertu egotea lortu duen bakarra. Hirugarren izan da Tiran Pereira, Kaiku Produchatik 12 segundora eta eguneko azken denbora San Juan Sumelecentzat izan da, txandako garailetik 33 segundora iritsita.
Sailkapen orokorrean lider da Urdaibai Avia 94 punturekin. Jarraian da GO fit Hondarribia 85 punturekin, eta hirugarrena Zierbena Bahias de Bizkaia da, 78rekin. Sailkapeneko azken postua Tiran Pereirarentzat da, 13 punturekin.
CaixaBank patroi onenaren sailkapeneko gaurko hiru putuak San Juan Sumeleceko Ander Iriarterentzat izan dira. Bi, Tiran Pereirako Carlos Riosentzat eta bat Zierbena Bahias de Bizkaiako Aitor Lazcanorentzat. Sailkapeneko liderra izaten jarraitzen du San Pedroko Ander Etxegoienek, 12 punturekin.
San Juan Iberdrola, garaile etxean
Bandera berria etxean aritu diren Batelerentzat ere. Argi utzi dute beste behin aurkarien gainetik direla eta Gipuzkoako Foru Aldundiko II Bandera eraman dute etxera. Lehen ziabogan hiru segundoko abantaila zuten Orio Babyautorekiko, eta hortik aurrera aldea igo egin dute pixkanka-pixkanka helmugako 6 segundoetan utzi arte. Hirugarren postua GU Arraunentzat izan da, arroxetik 14 segundora iritsita eta laugarren Hondarribia Bertako Igogailuak izan da, txanda itxi du garailetik 21 segundora.
Euskotren Ligako lidertzan jarraitzen du San Juan Iberdrolak 28 punturekin, Orio Babyautok baino 7 gehiago. 11 ditu Gu Arraunek eta 10 Hondarribia Bertako Igogailuakek.
Arraunaren gorengo txapelketa bihar itzuliko da Orioko uretan goizeko 11:45etik aurrera Orioko XXVIII. Estropadak - VI. Orio Kanpina Banderarekin.