Albisteak 2012

LEHIAKETA

05 Uzt 2012

ZARAUTZ 2012KO SAN MIGUEL LIGAKO HIRIBURU

ZARAUTZ 2012KO SAN MIGUEL LIGAKO HIRIBURU

Euskolabel Bandera jokatuko da hiri horretan, igande eguerdian

Zarautz ezinbesteko geltokia da arraunaren munduan, eta San Miguel Ligan. Betidanik izan da horrela, eta antzekoa gertatuko da aurten ere, hiru estropada jokatuko baitira Zarautzen. Hiriko Ikurrina jokoan jartzen den jardunaldi bikoitzeko ohiko estropadaz gain (abuztuaren 18 eta 19an, aurten), hirugarren bat antolatu da denboraldi honetan: EUSKOLABEL BANDERA. San Miguel Ligako 4. estropada puntuagarria izango da, eta Euskotren Liga hasi berriko 2. estropada puntuagarria. Biak arrauna sustatzen laguntzen duten babesle fidel bati esker: EUSKOLABEL. Gaur eguerdian egin da estropadako aurkezpen ekitaldia, eta han izan dira Alazne Uribarri Anderea, Euskolabel etxearen izenean, Juan Luis Illarramendi Jauna, Zarauzko alkatea, ACT elkarteko presidentea, Pedro Andueza Jauna, eta Zarauzko Udaleko Turismo saileko zinegotzia, Karmele Alberdi Anderea.

 

Arraunak asko zor dio Euskolabeli. Aurreko denboraldietan, Euskolabelek hegaluzearen kontsumoa sustatzeko kanpaina jarri zuen abian, eta sasoi honetan are apustu sendoagoa egin du estropada bat babestuz. Betiere Euskolabel produktuen sustapena alboratu gabe, ACT elkartearekin elkarlanean. Zaleek hegaluze razio goxoak dastatzen jarraitzeko aukera ezin hobea izango dute, sabeleko orroak apaltzeko. Estropadak eta hegaluzea, inoiz huts egiten ez duen konbinazioa.

 

Arreta handiz jarraitu beharko da eguraldiaren aurreikuspena eta itsasoaren egoera. Zarautz itsaso zabaleko proba da, indarra babes faltaren aurrean, eta buruko azkartasuna lan txukuna egiteko. Eguerdiak gaiztoak izaten dira kostan, eta haizeak espero ez diren arazoak eragin ditzake, ustekabean. Denboraldi honetan, San Miguel Ligako 18 estropadetatik 12 itsaso zabalean jokatuko dira, eta diziplina horretan asmatzen ez duenak arrakasta urrun izango du. Euskolabel Banderan, estropada eremua aurreratu egingo da, lerrokatzea orain arteko berbera izango bada ere.

 

San Miguel Ligari dagokionez, Zarauzkoa sasoiko 4. estropada puntuagarria izango da. Txandak bezperan Portugaleten jokatutako probak utzitako sailkapen nagusiaren arabera erabakiko dira. Gizonezkoen lehiaketa emakumezkoena bukatu eta minutu gutxira hasiko da.

 

Emakumeak izango baitira lehen tentsio uneak eragingo dituztenak. Denboraldi osoa dute jokoan sei traineruk: Euskotren Ligan parte hartu edo kanpoan geratu. Asteburuko bi estropadek hiru ontzi sarituko dituzte, eta beste hiru kanpoan utzi. Portugaleteko estropadak egingo du lehen langa, baina Zarautzek behin-betikoa. Portugaleten hiru ontzi onenen artean sailkatu direnek lan on hori berretsi beharko dute igandean, Zarautzen. Ezinbestekoa da bi estropadetan txukun aritzea, saria lortu nahi bada.

 

Emakumezkoen estropada erlojupekoan jokatuko da, larunbatekoa bezala. Ontziak minutu bateko tartearekin abiatuko dira euren artean. Portugaleten azkena sailkatzen den ontzia abiatuko da aurrena, eta hurrenez hurren, beste ontzi guztiak. Estropadako garaileak zazpi puntu lortuko ditu, eta beste ontziek puntu bat gutxiago, hurrenez hurren. Azken sailkatuak puntu bakarra eskuratuko du. Larunbateko eta igandeko estropadetan lortutako puntuak batuko dira, eta puntu gehien lortzen dituzten hiru traineruek Euskotren Ligan parte hartuko dute, Getaria-Tolosa ontziarekin batera. Gipuzkoarrek pasa den sasoian lortu zuten txartela, Euskotren Liga irabazi ondoren. Getaria-Tolosak, ordea, bere onena eman beharko du, beste traineru guztiak bezala, bi estropadek puntuak banatuko dituztelako Euskotren Ligari begira.

Itzuli