Albisteak 2011

LEHIAKETA

31 Abu 2011

PLAY OFF ETA 2011EKO KONTROLAK

PLAY OFF ETA 2011EKO KONTROLAK

ACT elkarteko Lehiaketa Arautegiko V. Atalean jasotzen denez -bereziki arautegi horretako 37.1 artikuluan-, ARC eta LGT elkarteetako bina ordezkarik parte har dezakete gehienez ACTko play-offean, beti ere ordezkari horiek euren liga erregularretan hiru onenen artean sailkatu badira. Hasiera batean, play-offean ARC eta LGT elkarteetako lehen eta bigarren sailkatuek parte hartuko lukete, eta hori lortu duen klubetako batek play-offean parte hartzeari uko egingo balio bakarrik parte hartu ahal izango luke hirugarren sailkatuak. Parte hartu nahi lukeen hirugarren sailkatu horrek uko egin duen traineruko elkartekoa izan beharko du derrigor.

ARC eta LGT elkarteetatik datozen klubek bi jardunaldiren faltan ACT ligan 11. postuan sailkatuta dagoen taldearen aurka lehiatuko dira, 12. postuan sailkatutako ontziak automatikoki galtzen baitu maila. Play-offa jokatzeko aurreikusitako datak irailaren 17a eta 18a dira, San Miguel Ligako estropadekin batera: Bermeo eta Portugalete (El Corte Ingles bandera).

Aurten, ordea, eta behin-behinean, ACT ligako 12. sailkatuak play-off horretan parte hartuko du, ACT elkarteko lehiaketa batzordeak hartutako erabakiaren ondorioz. Arrazoia honakoa da: ACT elkarteko bazkide baten aurka zigor espedientea abiatu da, ustez dopinaren aurkako arauak hausteagatik, baina zigor espediente horren tramitazioa bertan behera utzi da epaitegi batek kausa penal baten barruan abiatutako atariko diligentziak data jakin batean bukatutzat eman bitartean. Dena dela, sasoi honetako kirol lorpenak aintzat hartuz ACT elkarteko bazkide izateko ohiko plaza kopurua ziurtatzen zaie ARC eta LGT elkarteetako klubei. Era berean, play-offeko emaitzari begira, ACT elkarteko klub bakar baten emaitza hartuko da aintzat (11. postuan sailkatzen dena, zigor espedientearen tramitazioa bukatzen denean).

Atzo bukatu zen San Miguel ligako play-offean parte hartzeko asmoa duten kluben izen-ematea egiteko epea, eta honako hauek dira izena eman duten lau klubak:

- CR PORTUGALETE EULEN
- ZIERBENA BAHÍAS DE BIZKAIA
- CHAPELA
- CABO DA CRUZ

 

Bestalde, ACTko Dopinaren Aurkako eta Osasunaren Kontrolerako Batzordeak 2011ko abuztuaren 29a arte, 2011ko San Miguel liga-Mapfre Koroa osatzen duten 20 estropadetatik 18 jokatu direnean, dopinaren aurkako ondoko kontrolak egin direla jakinarazi nahi du ohar honen bitartez:

Ekinbide edo lagin bilketa kopurua:
Lehiaketatik kanpo: 22.
Lehiaketan: 8

Guztira: 30

Jasotako lagin kopurua:
Lehiaketatik kanpo: 44
Lehiaketan: 24 lagin gizonezkoetan, eta 3 emakumezkoetan.

Guztira: 71

Gaurko egunez, eta hainbat txosten analitiko jaso zain, laborategitik ez da kontrako emaitza bakar bat ere jakinarazi.

Itzuli