Albisteak 2012

ELKARRIZKETAK

20 Abu 2012

"ACT-KO BETEARAZLEAK GARA; KLUBEK AGINTZEN DIGUTENA EGITEN DUGU"

"ACT-KO BETEARAZLEAK GARA; KLUBEK AGINTZEN DIGUTENA EGITEN DUGU"

Patxi Hidalgo eta Eugenio Fernández, ACT elkarteko Lehiaketa Batzordea

Beti iskanbilaren zurrunbiloan, Fernandezek eta Hidalgok euren lanaren xehetasunak eman dizkigute. Lehiaketa dagoenean, eta ez dagoenean. Beraien inpartzialtasuna eta objektibotasuna nabarmentzen dute. Euren jarduna ez omen da zigortzailea, San Miguel Ligako kirol arloko kontuak zaintzea baizik.

 

Zein da Lehiaketa Batzordearen lana lehiaketarik ez dagoenean?

 

Eugenio Fernandez:Kirol arloko hainbat kontu zaindu. Zerrendak kontrolatu, arauak errepasatu, hobekuntzak ekar ditzaketen arau aldaketa proposamenak egin… Azken 10 urteetan egin dugun lana. Lehiaketak bi hilabete eta erdi irauten du, eta une hori iritsi bitartean, estropada eremuetako balizko aldaketak, hainbat gaien inguruetako txostenak eta beste egiten ditugu.

 

Patxi Hidalgo:Lana gogorragoa da lehiaketa dagoenean, kluben eskakizunei ahalik eta tarte txikienean erantzun behar zaielako. Aintzat hartu behar da estropadak astero jokatzen direla. Lehiaketaz kanpo, denbora gehiago daukagu aurkezten dizkiguten galderak eta zalantzak argitzeko. Estropadetan erabiltzen den materialaz ere arduratzen gara: baskulak, bozgorailuak, megafonia… Denboraldia bukatzen denean, material guztia ikuskatzen dugu, zer dagoen ondo, zer ez, zer aldatu behar den… Estropada baten barruan dauden gauzak dira, eta gure erantzukizuna da horiek zaintzea. Epaileekin ere bilerak egiten ditugu, bi urtero, normalean, egin diren akatsak-eta aztertu, eta publiko egiten ez diren hobekuntzak adosteko.

 

Ez duzuela hiru hilabeteetan lan egin, eta gero jai hartzen.

 

P. H.:Lasaixeago aritzen gara lehiaketarik ez dagoenean. Liga hasten denean, zalantzak ahalik eta azkarren argitu behar dira.

 

E. F.:Ez dago arrauna ahazteko tarterik. Klubak hurrengo urteko sasoia prestatzen ari dira dagoeneko. Arraunlari hau edo beste propioa den galdetzen digute. Jendeak agian guk zigorrak jartzeko zeregina dugula pentsa dezake, beste kirol batzuetako Lehiaketa Batzordeek hala egiten dutelako, baina ez da horrela. Gu Batzorde Teknikoa ginen hasieran. Lehiaketa zuzena izateko helburua duen Batzordeko kideak gara, arraunlariek ahalik eta baldintza onenetan arraun egin dezaten. Zigorren inguruko txostenak egiten ditugu, baina zigor epailea da erabaki bat edo beste hartzen duena, ez gu.

 

Estropada konkretu batean. Zein da zuen lana?

 

P. H.:Aurren-aurrena, pertsona bakarrak ezingo luke guk biok egiten dugu lana egin. Bi zatitan banatzen dugu lana. Eugeniok bulego lanak egiten ditu. Zerrendak, haiek inprimitu… Nik zaintza lan orokorra egiten dut: instalakuntza, azpiegitura, arrapalak, aldagelak eta dutxak, dopinaren aurkako gela, antolatzaileekin estropada eremua bukatuta ote dagoen hitz egin, GPS arduradunekin mintzatu, eta zodiac batekin eremua aztertu: korronteak, kale libre bat egon daitekeen edo ez, ontzien mugimenduak… Nahiko lan nekagarria dirudi, baina niri ez zait astuna egiten, hara eta hona ibiltzen bainaiz, Eugenioren lana zailagoa da, eta ahal dudanean laguntza eskaintzen diot nire lana bukatutakoan.

 

E. F.:Ni estropada hasi baino hiru bat ordu lehenago iristen naiz. Bulegoa prestatzea de lehen lana: inprimatzeko gailuak, fotokopiagailuak, ordenagailuak… Bi ordu lehenago klubek euren zerrendak ematen dizkigute, nik lehenagotik ditudan  zerrendak, administrazio sistemari esker. Korapilatsu samarra da, askotan internet konexioa ez delako ona. Batzuetan eskuz prestatzen ditut zerrendak, iraganean bezala, errazagoa egiten zaidalako. Estropada hasi baino ordu eta erdi lehenago txostenak epaileei ematen zaizkie, Ipad bidez, eta ordezkarien bilera egiten da. Bertan hainbat betebehar ematen zaizkie: non egin beroketak, hori egiteko kale librerik badagoen edo ez… Ondoren kale zozketa dator. Orain bi urte arte bolatxoa ordezkariek ateratzen zuten, eta gaixoek arraunlarien oihuak jasotzen zituzten gero, zorte txarra eman zietelako. Egun, epaile buruak ateratzen du bolatxoa, ordezkariek sobera sufritu ez dezaten.

 

P. H.:Inoiz ez dugu beldurrik izan estropada batek arauak ez dituela betetzen esateko, hori esateak arazo ugari sor ditzakeela jakitun bagara ere.

 

Eta behin estropada hasita, ze lan egiten duzue?

 

E. F.:Gu epaileen harmailan egoten gara. Hortik dena kontrolatzen dugu telebista, GPS sistema, bideo-finisha eta besteri esker. GPS-ak sekulako aldaketa ekarri du, onerako. Epaileen lana zaintzen dugu gertutik, eta gerta litekeen edozein arazoren aurrean adi-adi egoten gara: eremuan sartzen den ontziren bat, erreklamazioren bat egin dezaketen ordezkariei kasu egin, tripulazioetako azken orduko aldaketak jaso…

 

Jende guztia zuen jardunari begira dago etengabe, ez da lan erraza zuena.

 

P. H.:Eta bitxia da, gu estropada zaintzera mugatzen baikara. Estropada epaitzen duena epailea da, ez gu. Eugeniok ez du esaten irteera bat ona edo txarra izan den, edo nik ontziren batek ziaboga istriborretik hartu duen. Sor zitezkeen balizko erreklamazioak azkartzeko, erreklamazio horiek guk aztertzea erabaki zen. Bandera bat estropada bukatu eta bi ordura ez emateko, horrek kalte handia egiten diolako babesleari. Ikuskizuna ez da eteten azkar jokatzen baduzu. Guk txostenak egiten ditugu, ez zigorrak erabaki. Ondoren, zigor epaileak txosten horiek aztertzen ditu.

 

E. F.:Egiten dugun oro kluben babesarekin egiten dugula nabarmendu nahi nuke. ACT elkarteko betearazleak gara gu, baina klubek agintzen digutena egiten dugu. Daukagun erantzukizunaren inguruan… Azken 10 urteetan egin diren estropada guztietan egon gara. Jakina, guk geuk ere akatsak egiten ditugu, baina ez da erraza hainbeste urtean hain lan zailean irautea. Jarraitzen badugu kluben babesari esker da. Akats larri bat izan genuen orain bi urte, Euskotren Ligaren kontuarekin, eta gure dimisioa eman genuen. Ez zuten onartu, eta hemen jarraitzen dugu.

 

Milaka anekdota bitxi izango dituzue kontatzeko.

 

P. H.:Bai, Bordelekoa, adibidez. Hainbat aldiz egon ginen han, estropada eremua aztertzen, bere zailtasuna aztertzen. Marea lau ordutan igotzen zen, baina zortzi ordutan jaitsi. Txosten bat aurkeztu genuen estropada jokatu baino hiru hilabete lehenago. Guk kirol arloa zaintzen dugu, baina hor ikuskizuna, babesleen indarra eta sustapena ere badaude. Guk txostenak egiten ditugu, eta ondoren, ACT elkarteak erabakitzen du.

 

E. F.:Inork ez du gu baino eztabaida handiagorik gerentearekin. Gerenteak gauza bat egin nahi du, baina batzuetan ez da posible, txostenak ez duelako onartzen. Gerenteak telebista, babesleak eta gure txostenak jarri behar ditu mahai gainean, eta erabakiak hartu. Gauza dibertigarri gutxi gertatzen zaizkigu.

 

P. H.:Galiziako balizajeak, agian. A ze desastrea! Estropada eremuetan ematen genituen ordu piloa! Nire kasuan, haserrealdi batzuk Kantabrian, ni hangoa naizelako, baina hangoa izan arren, nire inpartzialtasuna mantendu behar dudalako beste ezeren aurretik.

 

E. F.:Galiziako balizen kontua sekulakoa da. Lasai ezin geratu, dena bukatzen den arte. Tentsio handia. Guretzat estropada eremua funtsezkoa da, gaizki badago ezin delako estropada jokatu. Gaur egun edozein jabetzen da estropada eremua gaizki dagoela. Zerrendatan eta beste arazoak daudela? Konponduko ditugu, baina estropada eremuarena… Anekdota interesgarria da San Miguel Liga hasi zenean hiru epaile zeudela. Egun zortzi daude.

 

10 urte daramatzazue lanean. Nola aldatu da arrauna?

 

E. F.:Beno, San Miguel Liga aulki finkoko erreferentzia bilakatu dela esango nuke.

 

P. H.:Estropada eremuari dagokionez, pisu handia kendu zaio entrenatzaileari, dagoeneko ez duelako ikuskatzera joan behar. Guk egiten dugu. Lehen hainbat marka egiten ziren, baina neurri zuzenak al zituzten? Profesionaltasuna aldatu da. Jarraipen teknologikoa ere oso garrantzitsua da. Orain inork ez du auzitan jartzen epaile batek patroi bati bere kalera bueltatzeko agindu dionean, asmatu ote duen edo ez. GPS-ak zalantza oro uxatzen du. Inpugnazioak estropadak bukatu eta 48 ordura aurkez daitezke, ez estropada bukatu eta berehala. ACTko 12 kluben jarraipen zorrotza dugu guk, eta gure lana ondo egin behar dugu ezinbestean.

 

E. F.:Aldatu dena orain erabateko inpartzialtasuna dagoela. Guk ez dugu kolorerik, eta horrek lehiaketa hobetu du. 42 urte daramatzat arraun munduan, eta Patxik 30 baino gehiago. Arrauna atsegin dugulako gaude lan honetan, eta Patxik eta biok ikuspegi berbera dugulako.

 

P. H.:Nik garrantzi handia ematen diot egutegi egonkor bat sortu izanari. Lehen ez zenekien ze estropadetan parte hartuko zenuen, dena gonbidapenen arabera arautzen zen. Orain, entrenatzaileak maiatzerako badaki zein den egutegia, nola presta dezakeen denboraldia, eta hori abantaila ikaragarria da.

Itzuli