Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

05 Ira 2013

"ARC LIGAKO ONENEN, SAN MIGUEL LIGAKO AZKEN BIEN MAILAN GAUDE; AUKERA BADUGU"

"ARC LIGAKO ONENEN, SAN MIGUEL LIGAKO AZKEN BIEN MAILAN GAUDE; AUKERA BADUGU"

Luis Pazos, Samertolameu Meirako arraunlaria

Luis Pazos Galiziako arraunari buruz gehien dakien arraunlarietako bat da (Marin, Pontevedra, 43 urte). Galiziako Traineru Ligako txapelduna izan da Samertolameurekin, igoera play-offa ezagutzen du (Astillerorekin 2009an), eta bost urtez egin zuen arrauna ACT ligan. Maila gorena ezagutzen du, eta bertara bueltatu nahi luke, bere aberriko ontzi batekin. Zierbenak abantaila txikia duela uste du, baina borroka estua iragartzen du beste lau traineruen artean.

 

Galdera asko daude play-offean parte hartuko duten Galiziako bi ontzien inguruan. Samertolameuko arraunlaria zaren neurrian, zein da zure iritzia?

Galiziako Liga Cabo da Cruzi zazpi puntuko aldearekin irabazi diogula esan dezaket, jokatu diren 13 estropadetatik zazpi irabazi ditugula, eta Kontxako sailkapen estropadan play-offean arituko garen bost ontzietako laurekin pare samarrean ibili garela.

 

Kontxako sailkapenekoan Zierbena beste guztiak baino hobea izan zen. Bi postuetako bat lortzeko faboritoa al da?

Besteok baino koska bat gorago dagoela dirudi. Gu baino 12 segundo azkarragoa izan zela uste dut, eta aintzat hartzeko moduko aldea da hori. Beste lau ontziak 6-7 segundoren bueltan ibili ginen, eta horrek borroka estua izango dela esan nahi du. Cabo da Cruzek gu garaitzeko gai dela erakutsi du Galiziako Ligan, eta Isuntzarekin ere tentuz jokatu behar da. Beraientzat itsasoan arraun egitea gauza arrunta da, itsaso zabalean egiten dutelako prestakuntza. Galiziarrok iaioagoak gara itsas adarrean.

 

Zuretzat, beraz, Kontxako sailkapen estropadako denborak erreferentzia baliagarriak dira.

Bai, bai. Nire ustez han denak bete-betean ibili ginen, ea zazpi onenen artean sartzen ginen. Guk ez genuen oso lan txukunik egin, baina kito, pasa zen, eta akatsak ez errepikatzen saiatu behar dugu orain.

 

Non egongo litzateke Samertolameu ARC edo ACT ligatan?

Nire ustez ARC Ligako onenen pare ibiliko litzateke, eta San Miguel ligako azken bien parean ere bai.

 

Itsasoan arraun egiten zuek baino eskarmentu handiagoa duten ontziak daudela esan duzu, eta play-offeko lehen estropada Bermeon jokatuko da, itsaso zabalean. Arduratuta?

Bai, zergatik ukatu. Bermeok esango du nortzuk diren onenak, eta han bi lehen postuetan geratzen direnek pauso handia emango dute. Ondo ezagutzen dut estropada eremua, Urdaibain arraunean ibili bainintzen, eta eguraldia, haizea, itsasoa eta beste… faktore asko hartu behar dira aintzat. Bermeon jende asko gure alde egongo delakoan nago, Jose Manuel Francisco entrenatzailea eta ni neu hain ibili ginelako, eta horrek ematen dit lasaitasun pixka bat.

 

Arraunlari beteranoa zara, zer galdetzen dizute ontzi kide gazteenek San Miguel Ligaren inguruan?

Beno, batzuk ezagutzen dute, Meira ACTn egon zenean. 2005a zela uste dut. Beraiek badakite nik bost urte eman nituela San Miguel Ligan, eta galderak egiten dituzte. Koska handi bat igotzea suposatuko lukeela dakite, baina nik obsesiorik ez izateko esaten diet, presiorik gabe egiteko arrauna, igotzen bagara merezi dugulako izango dela, eta ez derrigor igo behar dugulako. Horrela pentsatzen badugu, jai dugu.

 

Galiziak ordezkari bakarra du egun ACTn, Tiran-Pereira, eta elkarteak halako elkartasun funtsa bat erabiltzen du Galiziako ontzi horri bidaietan eta ostatuetan laguntzeko. Samertolameuk ACT ligan arraun egiteko baliabide ekonomikorik ba al du?

Baietz esango nuke. Meira play-offera badoa, estropada hori ondo prestatzen ari bagara, klubak maila gorenean lehiatzeko aukera aztertu duelako da, sor daitezkeen gastuak barne. Babesleak, diru iturri berriak eta beste bilatzen arituko ziren, elitean arraun egin ahal izateko. Ekonomikoki bideragarria ez balitz, zerbait esango zigutelakoan nago. Arraun lehiaketa onenean parte hartzea baino erakusleiho hoberik ez dagoela uste dut.

 

Merezi al du Galiziak bigarren ordezkari bat San Miguel Ligan?

Noski. Polita izango litzateke guretzat. Gainera, horrek ACT liga Galiziara bi asteburutan etortzea ahalbidetuko luke, eta ez bakarrean, orain arte bezala. Erakunde mailan ere erakarpen ezin hobea izango litzateke hori.

Itzuli