Albisteak 2013
ELKARRIZKETAK
13 Ira 2013
"EZ GARA FABORITOAK, BAINA BERMEOKO ESTROPADA ERABAKIGARRIA IZANGO DA, ETA EGUN BAKARREAN EDOZER GAUZA GERTA LITEKE"
Gustavo Vazquez, Cabo da Cruz klubeko entrenatzailea
Gustavo Vazquez lasai mintzatzen da www.ligasanmiguel.com atariarentzat (Vilariño, Boiro, 28 urte). Meira eta Zierbena eurek baino koska bat gorago daudela onartzen du zintzo, baina baita Bermeoko estropada erabakigarria izango dela, eta egun bakarrean edozer gauza gerta daitekeela. Talde erdiak 22 urte baino gutxiago dituela dio, eta 19 arraunlaritik 18 harrobikoak diren neurrian, igotzeko presioa apalagoa dela.
Nolakoa izan da azken bi asteko epea, Kontxako sailkapen estropada bukatu ostean? Luzea egin al zaizue, edo ez?
Ez hainbeste. Donostiatik bueltatu, asteburu hartan lan saio pare bat egin, hurrengoan atsedena hartu, nahiko azkar iritsi da.
Ze helburu du Cabo da Cruzek igoera play-offean?
Lehen bi postuetako bat lortzea, noski, baina horrek suposatzen duen zailtasunaren jakitun. Ez gara faboritoak. Meirak zazpi estropada irabazi dizkigu Galiziako Traineru Ligan, Ligako txapelduna ere izan zen, eta Zierbenak ere tarte handi samarra atera zigun play-offean arraun egingo dugun beste lau ontziei Kontxako sailkapenekoan.
Zuretzat baliagarria al da Kontxan gertatutakoa?
Bai, zalantzarik ez. Galiziako bi ontziak, behintzat, topera ibili ginen. Furgonetan 800 kilometro egin eta erdizka jardun? Hori ez da posible. Akaso, zalantza bakarra Zierbena da. Ez dakit Patxi Francesek ze arraunlariren aldeko apustua egingo zuen, kupoen muga dela-eta. ACTko arautegiak kupo ez diren arraunlarien parte hartzea mugatzen du, eta horrek aurreikuspenak alda ditzake zerbait.
Nola ikusten dituzu beste bi aurkariak, Zumaia eta Lekittarra?
Ez direla gu baino gutxiago. Zumaiak eskarmentu handia dauka antzeko probetan, eta aspaldi dute barneratua play-off batean dena izango dutela jokoan. Lekittarra oso ontzi indartsua da itsaso zabalean, eta lehen estropada Bermeon da, oso ondo ezagutzen duten arraun eremuan.
Cabo ezustekoa emateko gai al da?
Hala uste dugu behintzat. Oso plantila gaztea dugu, erdia baino gehiago 22 urtez azpikoa da, eta harrobikoak 19tik 18. Askotan jubenil mailako arraunlariak erabili behar izan ditugu, baina play-offean erdizka egin ahal izango dugu hori, ACTko arautegiaren arabera jubenil batek asteburu berean bi aldiz arraun egitea ez delako baimentzen. Itxaropentsu gaude, Galiziako Ligan Meirari hiru aldiz irabazteko gai izan garelako, eta Kontxako sailkapen estropadan ere Zierbenaren atzetik, baina beste hiru aurkariak baino hobeak izan ginelako. Borrokatzeko prest goaz, batez ere Bermeon, estropada erabakigarria delako.
Portugaletekoa baino garrantzitsuagoa?
Zalantzarik ez. Bietan lehena da, eta asko eman edo ken dezake. Gure asmoa Bermeoko estropada hiru onenen artean bukatzea da, igandean bizirik egoteko. Estropada bakar batera gauza asko gerta litezke, jarrera horrekin goaz Euskal Herrira.
Oso zabaldua dago Galiziako arraun klubek itsaso zabalean herren zaretela dioen iritzia, itsas adarrean iaioagoak zaretela. Egia al da?
Bai, Galiziako geografia halakoa delako. Itsas adar piloa dugu, baina guk itsaso zabala ere bilatzen dugu, entrenatu eta lehiatzeko, hala egingo ez bagenu jai edukiko genukeelako itsaso zabalean jokatzen diren estropadetan. Lekeitiok ere itsas adarrean egiten du lana neguan, lasaiago, eta guk itsaso zabalean. Ez dut uste itsaso zabala galiziarrontzat arazo denik egun, nahiz eta Lekittara bezalako ontziak itsaso zabalean gu baino hobeak izan.
Ixuraz, nahiko itsaso mugitua edukiko duzue, 1,2 metroko olatuak. Arduratuta?
Ez. Denentzat berdina izango da, eta dagoen itsasoan egin beharko da arraun.
2011ko play-offean aritutakoa zara. Irakasgai ona izan al zen hura, bigarren aukera honi prestatuago ekiteko?
Baliagarria izan da dagoeneko ikasteko ez gatozela barneratzeko, eskarmentua badugula dagoeneko, 2011n lortu genuelako. Orain lehen edo bigarren postua lortzeko egiten dugu arraun, ez ikasteko soilik.
Galiziako arrauna sakon ezagutzen ez dugunontzat, nola dago arrauna Galizian? Ona al da Galiziako bi ontziek San Miguel Ligan lehiatzeko play-offean parte hartzea?
Oso garrantzitsua. Nire ustez Galiziako arraunak hobera egin du azken hiruzpalau urtetan. Izen handiko entrenatzaileak etorri dira, Jose Manuel Francisco, adibidez. Galiziako Traineru Liga osasuntsu dago, bi maila ditu, eta ontzi lehiakor asko. Espainiako Txapelketan Mugardosek Pedreña menderatu zuen, aintzat hartzeko moduko datua dela esango nuke.
Pentsatu, une batez, Cabo da Cruzek bi txarteletako bat lortzen duela. Klubak babes ekonomikoa izanen al luke, ACT Ligan lehiatzeko?
Gai hori zuzendaritza batzordearen kontua da. Egoera zaila da, baina gure babeslea, Rianxeira, sendoa da eta babes handia eman digu beti. Mugitu egin beharko da, noski, babes gehiago bilatzeko, baina dirurik ez galtzeko lain bilduko dugulakoan nago.
Agian ez dituzue hainbeste bidaia egingo furgonetan, ACT Ligako kide izan zinetenean bezala, elkarteak Galiziako klubei laguntzeko ematen duen laguntzari esker.
Beno, funtsa hori justu guk maila galdu genuenean etorri zen. Furgoneta barruan zenbat ordu ematen genituen esango banu… Laguntza oro izango da ona bidaietako nekea murrizteko, estropada txarra egin eta furgoneta batean zortzi ordu pasatzea ez baita gauza on-ona. Estropada ona eginez gero, hainbestean, baina txarra eginez gero, oso gogorra.
Galiziak merezi al du bigarren ordezkari bat San Miguel Ligan?
Jakina, nola ez. Ez gaude ARC-1 Ligako ontzi onenengandik urrun, eta San Miguel Ligako azkenak ere hortxe daude. Aurten Galizian jokatu diren bi estropadak ikusi besterik ez, ze jendetza erakarri duen jabetzeko. Sanxenxokoa ikaragarria izan zen. Garai batean Galiziako hiru ordezkari izan ginen ACTn, ea lehenbailehen ordezkaritza hori berreskuratzen dugun.