Albisteak 2017
BEREZIAK
22 Ira 2017
Ioseba Amunarrizen hirugarrena
Txapelketako Patroi Onena bezala saritu dute hirugarren aldiz ‘Ama Guadalupekoa’-koa
Zarauzko Ondartza Elkartean urtero egiten den patroien afarian koroatu dute Ioseba Amunarriz Eusko Label Ligako CaixaBank Patroi Onena bezala. Esan beharra dago, hondarribiarra hirugarren aldiz izan dela garaile sailkapen honetan (2009, 2012 eta 2017), beraz saria berarentzat geratu ahal izango duela, lehenengo patroia izanik garaipen zifran honetara iristen.
Gaurko ekitaldian Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako patroi ugari izan dira. ‘Ama Guadalupekoa’-ko kirolaria saritu aurretik, lehengo urtean garaile izan ziren San Juan Sumelec-eko Endika Pérez eta Unai Olideni egindako omenaldian zilarrezko traineruaren erreplika eman zaie. Ondoren, aurtengo CaixaBank Patroi Onenaren Garaikurra eskaini zaio Hondarribiako Ioseba Amunarrizi, zeinek Itziar Egaña, Donostialdean CaixaBank-en negozio saileko zuzendaria eta Emilio Cuadrado, Bilboko CaixaBank-en negozio saileko zuzendariaren eskutik 3.000 euroko balioa duen txekea ere jaso duen.
Hondarribiarrak denboraldia 18 punturekin amaitu du sailkapenaren postu gorenean. Bigarren, Ondarroa Cikautxoko Iñigo Larrinaga izan da, 16 punturekin Amunarrizen garaipena arriskuan jarri duena azken jardunaldirarte. Hirugarren postua, aldiz, Kaiku Produchako Iker Gimenorentzat izan da 9 punturekin.
Honela, Ioseba Amunarriz, sari honen historikoaren lehenengo postuan ezartzen da hiru aldiz irabazi ondoren (2009, 2012 eta 2017). Bi garaipenekin geratzen dira Endika Pérez (2015 eta 2016) eta Asier Zurinaga (2011 eta 2013). Garaipen batekin aurki ditzakegu Unai Oliden (2016), Vicente Carpintero (2014), Aitor Carrillo (2010) eta Irakoitz Etxeberria (2008).