Albisteak 2021
LEHIAKETA
15 Ira 2021
Bermeo, Eusko Label Ligako azkenaurreko jardunaldia
Larunbatean Bermeo Hiriko XXXIX. Ikurriña – Avia Sari Nagusia eta playoffetako lehen jardunaldiak jokatuko dira
Iraileko hirugarren asteburua gorriz markatuta dago Eusko Label Ligako zale guztientzat. Izan ere, bertan amaituko da beste denboraldi zirraragarri bat. Denboraldia amaitzeko geratzen diren bi jardunaldietako lehena Bermeon izango da larunbat honetan, Bermeo Hiriko XXXIX. Ikurrina – Avia Sari Nagusia eta Eusko Label Ligara eta Euskotren Ligara igotzeko playoffetako lehen jardunaldiarekin batera.
Jardunaldia 17:40ean hasiko da Euskotren Ligako playoffetako lehen jardunaldiarekin, eta bertan izango dira Deustu Arraun Taldea, Tolosaldea Arraun Kluba, CR Cabo da Cruz eta Hondarribia Bertako igogailuak Euskotren Ligako azken postua lortzeko lehian. Erlojupeko formatuan ariko dira, bi luze egingo dituzte ciaboga batekin estropadako milia nautiko eta erdiko (2.778 metro) distantzia eginaz. Jarraian, Eusko Label Ligako playoffaren txanda izango da, eta Getariako Arraun Elkarteak, Kaiku Berez Galanta, S.D. Samertolameu, Club Do Mar Bueu eta SD Tiran Pereirak arraunaren maila goreneko azken bi postuen bila joango dira. Hauek ere erlojupeko formatuan ariko dira, eta hiru itsas miliako (5.556 metro) ibilbidea osatuko dute, lau luze eta hiru ziabogarekin.
18:50ean, Eusko Label Ligako zortzi tripulazio onenek bandera berri bat jokatuko dute. Denboraldiko azkenaurreko bandera izango da, Bermeo Hiriko XXXIX. Ikurriña – Avia Sari Nagusia. Lehenengo txandan CR Cabo da Cruz, Ondarroa Cikautxo, Bermeo Urdaibai Avia eta Zierbena Bahias de Bizkaia arituko dira, eta ohorezko txandan Orio Orialki, Donostiarra Amenabar, GO fit Hondarribia eta Santurtzi Transportes eta Gruas Aguado arituko dira.
Murrizketak COVID-19 dela eta
Gaur goizean aurkeztu dute bandera Bermeoko Arrantzalearen Museoan, eta bertan Aritz Abaroa Bermeoko alkateak adierazi duenez, murrizketak egongo dira Kovid-19arengatik. "Segurtasun neurri zehatzak hartuko ditugu irailaren 16tik 18ra bitartean. Estropada egunean, 15:00etatik aurrera, ibilgailu eta oinezkoen pasoa debekatu egingo da ‘Frantzunatxeta’-tik aurrera, Olatu horman (Ronpeolas) eta kaian".
Aurtengo nobedade gisa, Olatu horman ikusle kopuru murriztua baimenduko da. Horretarako, aldez aurretik izena eman dutenek 16:30etik 17:30etara sartu ahal izango dira gune horretara. Zale horiek segurtasun-distantziak mantendu beharko dituzte, eta musukoa jarrita izan beharko dute uneoro.