Albisteak 2024

ELKARTEA

22 Mar 2024

Coruña izango da berriz ere Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako irteera baliza

Coruña izango da berriz ere Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako irteera baliza

2024 denboraldiko egutegia eta aurrekontua onartu ondoren, hasi da atzerako kontaketa.

ACT gaur goizean bildu da Bermeoko Arrantzaleen Museoan 2024ko bere hirugarren Ohiko Batzarra egiteko. Hitzordu horretan, puntu aipagarrienak 2024ko aurrekontua eta Elkarteak antolatutako bi Ligetako lehiaketa-egutegia onartzea izan dira.

Eusko Label Liga eta Euskotren Liga ekaineko azken asteburuan hasiko dira Galiziako uretan, eta beste denboraldi batez, 4 hitzordu izango dira Galiziako lurraldean.

Oraingoan, hitzordu bakarra izango da Coruñan, ekainaren 29an. Asteburu horretako bigarren jardunaldia Bueun jokatuko da. Bertan, ACTko estropadak jokatu diren arren, etxeko trainerua lehen aldiz lehiatuko da maila goreneko parte-hartzaile gisa. Uztailaren 20an eta 21ean Galiziak bi jardunaldi hartuko ditu berriro, Barbanza Arousa Udal Mankomunitatearekin sinatutako akordioari esker. Horrela, uztailaren 20an Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak Ribeirako uretan egingo dute arraun eta igandean Cabo Da Cruzen, Boiron.

Aipatzekoa da Pasaian eta Ribeiran formatu berezia duten bi eremu berreskuratu direla. Izan ere, gizonek 6 luze eta 5 ziaboga egin beharko dituzte. Emakumeek, berriz, 3 luze eta 2 ziaboga.

Kantabriak ere egutegian jarraituko du eta ACTko bi txapelketetako jardunaldi bat izango du: CaixaBank Bandera, Castro Urdialesen jokatuko dena.

2024ko egutegiaren beste berritasun bat Euskotren Ligan emango da: bi jardunaldi gehiago izango ditu. Horrela, emakumezkoen lehiaketaren historian lehen aldiz, 16 estropada puntuagarri eta Play Offeko 2 jardunaldi jokatuko dira. Play Offa iraileko hirugarren asteburuan jokatuko da Bermeon eta Portugaleten.

Urte olinpikoa eta aldaketak lehiaketa-araudian
Bere garaian aurreratu zen bezala, lau urtean behin, urte olinpikoarekin batera, ACTren lehiaketa-araudia berrikusteko aukera zabaltzen da. Bazkideek horretarako ezarritako prozeduraren arabera aurkeztutako proposamenen bidez. Elkartekideek hainbat proposamen eztabaidatu dituzte, eta, horien artean, eskifaien osaerarekin lotutako lehiaketa-araudiaren aldaketaren onarpena nabarmendu da.

Orain arte eta 2024ko denboraldian ere, hasierako arraunlari zerrendek gutxienez hiru baldintza hauetako bat bete behar zuten: 7 arraunlari propio, horietatik 3 harrobikoak; 6 arraunlari propio, horietatik 4 harrobikoak; edo 5 arraunlari propio, 5 harrobikoak.

Arau horren gainean aurkeztutako aldaketa-proposamena onartu ondoren, 2025etik aurrera, hamaikakoek honako baldintza hauetakoren bat bete beharko dute: 7 arraunlari propio, eta horietatik 4 harrobiko arraunlariak izango dira, edo 6 arraunlari propio, eta horietatik 5 harrobikoak. 2026an kupoak harrobiko 5 arraunlarietaraino haziko dira 7 arraunlari propio dituzten traineruetan eta harrobiko 6 arraunlari 6 arraunlari propio badaude hasierako arraunlari-zerrendan.

Itzuli