Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

23 Abu 2013

"APALAK GARA, BAINA IZAERA BEREZIKOAK; EGOSKORRAK GARA, ARRAUNA BESTERIK EZ DUGU HERRIAN"

"APALAK GARA, BAINA IZAERA BEREZIKOAK; EGOSKORRAK GARA, ARRAUNA BESTERIK EZ DUGU HERRIAN"

Joseba Fernandez, San Juan Iberdrolako entrenatzaile eta arraunlaria

Gazte zenetik tostartean, denetarik bizitakoa da Joseba Fernandez (Pasai Donibane, 39 urte). Aho bizarrik gabe mintzatzen da, eta bere taldearen analisiaz gain, arraunaren eta klub askoren analisi zorrotza egin du www.ligasanmiguel.com web orriarentzat.

 

Denboraldia bukatzen ari da, zein da San Juan Iberdrola ontziko entrenatzailearen balantzea?

Oso pozik. Egindako lana ikaragarria izan da guztion partetik. Klubaren partetik eta mutilen aldetik ere, ilusio handia erakutsi dutelako. Gaztetu egin dugu taldea, eta horrek bazeukan bere arriskua. Saihestu egin dugu arriskua, iazko maila mantendu dugulako ia-ia, akaso iaz estropada hobe gehiago, baina erregular aurten ere, arazorik gabe. Denboraldi hasieran ez genuen espero maila hau emango genuenik, mailari eustea baitzen erronka. Bigarren txandan aurkariak menderatzeko gai izan gara, hiru estropadetan ere ohorezko txandan egin dugu arraun, eta bitan duintasun handiz. Balantzeak ezin du hobeagoa izan nire partez. Denboraldia polita doa.

 

Zortzi aldaketa egin behar izan zenituzten ontzian, urte batetik bestera, aldaketa asko dira horiek, baina zulora ez, gorantz begira ibili zarete. Zuretzat ezustekoa izan al da zuen jarduna?

Ezustekoa bai, azaroan nire pentsamendua zein zen esango banizu. Berreraikitze lana genuen aurretik, hiru edo lau urteko lana genuela berriro burua tente jartzeko, baina berehala konturatu nintzen espero baino gehiago ibiliko ginela. Gazteak bikain hasi ziren, neguko jaitsieretan ere sumatu genuen, eta horrek konfiantza eman zigun. Emaitza on horiek, bide batez, konfiantza emango digute etorkizunari begira. 2014a hobea izan daitekeelakoan nago, taldea behar den bezala mantentzen bada behintzat. Bide batez, etxean ibili diren arraunlari batzuei deia egin nahi nieke guregana hurbiltzeko.

 

Zergatik hainbeste aldaketa urte batetik bestera, Joseba. 19 bi denboralditan, zuen kasuan.

Zaila da arraunean aritzea gaur egun, jendearen pentsamoldea aldatu egin delako. Gure garaian ilusioagatik, herriko koloreak soinean eramateagatik egiten genuen arrauna. Sakrifizioa antzekoa zen orduan eta orain, baina jendearen burua ez da berdina orain. Harrobiko talde bat sosik jaso gabe mantentzea ez da erraza. Norbaiten eguneroko bizitzan arrauna sartzea ez da erraza. Lana eta laneko txandak daude, bikoteak, familia, pieza guztiak bat egitea eta harrobiko talde indartsu bat sortzea, ez da erraza. Adibide garbia harrobia lantzen duten bi talde indartsuena da: Hondarribia Orsa eta Orio Babyauto. Horiek kanpora begiratu behar dute, taldea biribildu, osotu, eta behar bezalako maila emateko. Guk ez dugu aukera hori, gurearekin egin behar dugu lana, baina beste ezaugarri onak ere baditugu. Apalagoak gara, baina izaera berezikoak gara. Sanjuandarrak egoskorrak gara, arrauna besterik ez dugu herrian, asko bizi dugu, eta historikoki beti egon izan gara handien artean. Ez ditugu bolada luzeak ezagutu elitetik urrun. Beti hor egon gara, Orio Babyauto bezala. Arrauna odolean daramagu. Hemen urtebetez arraunean aritzen denak badaki zer egin behar den ontzia goian mantentzeko. Jendeak badaki hori, ezer erakutsi gabe, eta hori garrantzitsua da, hasierako lan hori ez dugu egin behar gehientsuenetan.

 

Harrobiko taldea izanda, eta dirua gutxitzen ari dela ikusita, etorkizun ona ikusten da zuen moduko taldeentzat.

Ereduei buruz. Bizkaia aldean arraunak gora egin duela esango nuke. Izan liteke komunikabideek ematen dioten oihartzunagatik. Diru iturri garrantzitsuak lortu dituzte. Egia da ere Bizkaia Gipuzkoa baino aberatsagoa dela. Bi gauzak lotuta, Urdaibai Umpro Aviak babes handia du bertako itsas industria aldetik, Kaiku Ambilampek Bilbo Handia ordezkatzen du eta arrakastaren olatuan daude, komunikabideen babesa dute. Portugalete Eulen ere badator, inbertsio handia egin duelako. Helburua bete gabe du, oraingoz, eta segi egingo du. Momentuz ez dut 80 eta 90. hamarkada errepikatuko denik uste, baina norabide horretan goazela uste dut. Gipuzkoarrak nagusi ginen orduan, baina sartzen zen dirua harrobian inbertitzen zelako, ez fitxaketetan. Etortzen zen dirua harrobirako zen, eta egun ere eredua hori dela esango nuke. Zati bat erabiltzen da arraunlaria saritzeko, baina ez da kopuru garrantzitsua, eta hori ez aldatzea espero dut. Nik bi ereduak ezagutzen ditut, zazpi urtez ibili nintzen Kantabria aldean, eta ez dute harrobia lantzeko mentalitatea. Fitxaketak murriztu eta harrobia lantzeko hausnarketa egin zen, baina lehentasuna banderak irabazteari, liga irabazteari eman zioten. Lortu zuten, bai, baina begira orain ze arazo dituzten.

 

Zuk ze eredu nahiago duzu?

Orain San Juanen erabiltzen duguna, dudarik gabe.

 

Eta ez al duzu inbidia sanorik sentitzen lehen aipatu dituzun beste bi kluben ereduen inguruan, Hondarribia Orsa eta Orio Babyauto?

Ez da inbidia. Bakoitzak jakin behar du non dagoen, eta nola egiten den lana toki horretan. Orion, batez ere azken bi urteetan, kanpoko jende gehiago du. Hondarribiak duela urtebete egin zuen aldaketatxo hori. Etxeko arraunlari asko ditu, baina beste herrietako sei-zazpi pertsona ere bai. Ni bi herri horietako batetara joango banitzake, akaso ontzat emango nuke inbertsio txiki bat egitea, baina Pasai Donibanen ez.

 

Zergatik, zaleen artean eman litekeen erreakzioagatik?

Hemen ere egin da, taldea biribildu edo osatu. 2010 eta 2011n. 2010a ikaragarria izan zen emaitza aldetik. Behetik gora lan handia egin zen 2006 eta ondorengo urteetan, eta 2010a bikaina izan zen, baina San Miguel Ligara igo zen talde on horren bilakaera ere moztu zen apur bat. Une jakin batean hartzen diren erabakiak dira, eta une hartan asmatu egin zuten, emaitza onak etorri zirelako. Bi urte pasa dira, eta bizpahiru urtetan 19 pertsona joan zaizkigu, jende asko. Arrisku handia da hori gurearen moduko talde txiki batentzat. Kanpoko jendea etortzen da, eta gero, akaso, ez dauka bertakook dugun lotura. Zer da hurrena? Berreraiki beharra. Hemen badakite zenbat sufritu zuten ACTtik kanpo egon ziren hiru urteetan, eta berriro hori gertatzea… oso gogorra izango litzateke. Atera gara, eusten diogu, eta harro gaude.

 

Dagoenarekin aurrera, eta zu harro.

Ñabardura bat egin nahi nuke. Nik etxekotzat hartzen ditut inguruko herrietatik datozen gazteak, arraunean gurekin hasi direnak: Oiartzun, Errenteria, Lezo, Pasai Antxo… Kasualitatez, une honetan sanjuandar piloa dago taldean, eta horrek jendea piztu egiten du.

 

San Pedro Ecolmareko Iñaki Arrieta arraunlariari ere galdetuta, pikerik ba al dago zuen bizilagunekin?

Pikea egon badago, egon behar du, eta beti egon behar luke, ona delako. San Juango edozein arraunlariri galdetu, eta badakit zer erantzungo dizun. San Pedrori irabazi behar zaio, bai edo bai! Hori odolean daramagu. Zentzu onean esaten dut. Athletic eta Realaren artean bezala. Historikoki handien artean gaude bi klubak, eta bion arteko dema honek ehun urte baino gehiago ditu. Haiek historiako bigarren talde onena izango dira, eta gu hirugarrena. Nik harreman ona, normala dut San Pedroko arraunlari askorekin. Konparaketa eginez, ez da Betis edo Sevilla futbol taldeen arteko egoera bat. Nik ez dut inoiz sumatu rollo txarrik San Pedro eta San Juan artean. Aita Manuel handiak ere esan zuen, bi klubak euren artean liskar handiak izaten zituztela, baina elkarri maitasun handia ere bai. Hori da bi kluben arteko laburpen onena.

 

Banderak lortzetik urrun samar egote horrek ez al du zaletasuna kaltetzen?

Ez dut uste, aurten ere zaleek espero ez zuten maila lortu duelako ontziak. Lehenengo txandan egotea espero zuten, eta bigarrenean gaude. Herria oso pozik dago. Eta pozik egongo gara gorantz segitzen badugu. Hainbeste garaipen lortzera ohituta dagoen taldea gara… noski, presioa badago, baina etorriko dira garai gogorragoak, ez dakit noiz.

 

Nola kudeatu, presio hori?

Ez da erraza. Nire ustez gurean Orion baino presio gutxiago dugu. Bertakoen garaipen zerrenda inorena baino handiagoa da, arraun mito asko daude herrian. Orain gure egoeran daude, banderak irabazten, bai, baina presioak sobera estutu gabe. Nire gazte garaian bai, presioa ikaragarria zen. Beti irabazi behar zen. Iritsiko da, eta iristen denean, kudeatuko dugu. Iristen bada seinale ona izango delako, garaipenen bat lortu dugunaren seinale.

Itzuli