Albisteak 2018
BEREZIAK
25 Mar 2018
Adrenalinaz beteriko egutegia
Eusko Label Ligako denboraldi berria geroz eta hurbilago dago eta traineren punta-puntako ligako egutegia hementxe daukagu
Urtetik urtera gure protagonistek estropada zirraragarriagoak burutzen dituzte. Honen ondorioz, batzuetan garailea azken metroetan erabakitzen da, zirrara dela nagusi. Eusko Label Ligako egutegi berri honekin, beste urteetako lehia bizi hau berriz bizi nahi dugu.
Ozeano Atlantikoak eta Kantauriko itsasoak, udako hilabeteetan zehar, Eusko Label Ligako 19 froga jasoko dituzte. Euskotren Ligako frogak aldiz, aurten 14 izango dira. Prestatu arkatza eta papera eta ondo idatzi data guztiak, CaixaBank Koroa lortzeko lehia zirraragarria izango da eta.
Aurtengo liga 3 hilabete barru hasiko da bizkaiko uretan, Bilboko IX Bandera izanik lehenengo txapelketa. Hau ekaineko azken-aurreko asteburuan izango da. Oraindik eguna ez da erabaki, baina 23 edo 24an izango da. Hurrengo lehiak ere bizkaiko uretan izango dira. Ekainak 30ean Eusko Label Ligako karabana Portugaletera eta Sestaora hurbilduko da XVII Bandera Ayuntamiento de Sestao ospatzeko. Hurrengo egunean, uztailak 1ean, Zierbenan izango da hitzordua III Bandera Petronor lortzeko borroka aurten ere berriz bizitzeko. Asteburu honetako bi jardunaldietan Euskotren Ligari hasiera emango zaio bertan ospatuko den playoff-arekin.
Uztaileko bigarren asteburuak berrikuntza bat dakarkigu. Galiziako uretara hurbilduko gara ekaineko 7 eta 8an II Bandera Cidade da Coruña estropada bizitzeko. Asteburu honetan Euskotren Ligako lau traineruak lehenengo aldiz lehia bizian ikusiko ditugu. Ekainak 14an gipuzkoako urek Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako estropadak jasoko dituzte. Larunbatean Donostian izango da jardunaldia XI Bandera Donostiarra Kaiarriba frogan. Igandean berriz, ACT-k Kantabriako urteroko jardunaldia burutuko du. Aurten Casto Urdialesen izango da, froga VI Bandera CaixaBank delarik. Gipuzkoako itsasora zirrara berriz bueltatuko da uztaileko hirugarrengo asteburuan. Larunbatean, 21ean, ADEGI II. Bandera froga izango da eta 22an berriz, Orioko errekan, Orioko XXVIII. Estropadak – VI. Orioko Kanpina Bandera jokoan jarriko da. Bi estropada hauetan Euskotren Ligako taldeak ere arituko dira borrokan.
Uztaileko azken asteburuan, denboraldiko lehen zatiari amaiera emateko, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako traineruak Bizkaiko uretara mugituko dira. Larunbata 28an Getxoko Estropaden XL. Ikurriña ospatuko da, igandean 29an aldiz, Santurtzin, Santurtziko XXXVIV. Ikurriña burutuko da. Hurrengo asteburuan, Espainiako traineren txapelketa izango da arraun munduko protagonista.
Abuztuko lehen froga Ondarroan izango da abuztuak 11an XXXIV Ondarroako Bandera – Cikautzo Sari Nagusia lortzeko lehia bizian. Igandean, abuztuak 12an, Hondarribian ikusiko ditugu arraunlariak Hondarribiko XXXI. Bandera - GP Mapfre etxera eramateko asmotan. Abuztuko hirugarren asteburuan Zarautzen ospatuko da urteroko XLI Zarauzko Estropada. Bi egunetan burutuko da lehia hau, abuztuak 18 eta 19an. Bertan, urteroko moduan, sekulako giroa izango dugu punta puntako kirolaz gozatzen dugun bitartean. Bertan, Euskotren Ligako azken lehia bizi ondoren, koroa etxea eramango duten erreginak nortzuk izango diren jakingo dugu.
Abuztuko hilabetea galizian amaituko dute arraunlariek, hilabeteko 26 eta 27 egunetan. Lehenengo froga Moañako XXXVI Bandeira Concello de Moaña – VIII GP Fandicosta izango da eta bigarrengoa Caboko XXVIII Bandeira Concello de Boiro. Bigarrengo froga honek Eusko Label Ligako egutegia itxiko du.
Iraileko hilabetea jada hasita eta Kontxako Bandera burutu ondoren, zirrara handiko bi estropada biziko ditugu. Lehenengoa larunbatak 16an izango da Bermeon, bertan Bermeo Hiriko XXXVI. Bandera lortzeko lehia biziarekin batera, lehenengo playoff-a burutuko da. Igandean urteko azken estropada ospatuko da. Hau XLVIII – XLIV Bandera El Corte Inglés froga izango da eta jardunaldi berezi honetan bigarrengo playoff-a ere ospatuko da. Bertan, datorren urteko ligan lehiatzen arituko diren klub berriak ezagutuko ditugu, baita CaixaBank Koroa etxera eramango duten Eusko Label Ligako erregeen izena ere.
Dudarik gabe, zirraraz beteriko denboraldia izango dela argi dago. Hasi dadila ligari hasiera emateko atzera kontua!