Albisteak 2018
ELKARRIZKETAK
18 Api 2018
"Oriok liga bat irabazi behar du"
Orio Babyautoko entrenatzaileak, Jon Salsamendik, ‘San Nikolasen’ lehena, oraina eta geroa aztertu digu Eusko Label Ligan
Txapelketa giroa geroz eta hurbilago sentitzen ari da arraun mundua, izan ere 2018ko Eusko Label Ligari Bilbon hasiera emateko bi hilabete baina apur bat gehiago falta da. Horrexegatik, beste urtetan egin dugun modu berean, astero klub bateko entrenatzailearen elkarrizketa bat argitaratuko dugu. Sekzio honi Jon Salsamendiren hitzekin emango diogu hasiera. Orio Babyautoko entrenatzaileak gogotsu dio lehengo denboraldian Eusko Label Ligan lau bandera lortu ondoren aurten ere CaixaBank Koroa lortzeko lehia bizi horretan egoteko asmoa dutela. "Oriok historian zehar momentu askotan argi utzi du onena dela, baina ez du inoiz ligarik irabazi".
‘San Nikolasen’ lehiakide nagusiak “Bermeo eta Hondarribia” izango direla dio Jon Salsamendik “bi klubek ligaren buru izaten jarraitzeko indarra izaten jarraitzen baitute”, baina “Zierbena azkenaldian hasten datorrela” ere ziurtatu du. Galiziako klubei dagokienez, “Cabo de Cruz pauso handiak ematen ari da aurten eta lehiaketago lehen postuetan egoten saiatuko dira”. Liga honi hasiera emateko prestakuntzari hitz egitean ondorengoa aitortu du; “egiten ari garen lanaren sentsazioak oso onak dira, baina badakigu aurten emaitza onak egiteko zailtasunak handiagoak izango direla”.