Albisteak 2023
BEREZIAK
27 Ots 2023
Hondarribia eta Donostiarra nagusitu dira Hondarribian
Neguko jaitsierek garrantzi handia dute taldeetako prestakuntzan.
Larunbat honetan Hondarribiko XXIII. Traineru Jaitsiera jokatu da, uda honetan traineru lehiaketetan arituko diren taldeentzat garrantzi handia duen entsegu bat moduan. Hiru mailatako 40 traineru izan ziren arraunean, tartean Euskotren Ligako zein Eusko Label Ligako taldeen ordezkaritza zabala izan zelarik.
Emakumezkoetan, Donostiarra izan zen nagusi lehen paladatik. Ziabogan zortzi segundoko aldea atera zion Oriori, helmugan bien arteko aldea hogei segundora igoz eta hogeita bat segundora heldu zen Donostia Arraun Lagunak. Jarraian, Hondarribia, Tolosa eta Hibaikako traineruak sartu ziren.
Gizonezkoen mailan, etxeko traineruak ez zuen ezustekorik nahi, eta lehen metroetatik traineru azkarrena izan zen. Ziabogan denborarik onena markatu ondoren, helmugan hamar segundora handitu zuten Donostiarrarekiko aldea. Zierbenaren aurretik helmugaratu zen Oriok osatu zuen podiuma. Getaria seigarren postuan amaitu zituen bere lanak, Ondarroaren aurretik, eta Isuntza bederatzigarrenak Eusko Label Ligako taldeen parte-hartzea osatu zuen. Gure lehiaketako taldeen artean Lapurdi bosgarren eta San Pedro zortzigarren sailkatu ziren.