Albisteak 2014
BEREZIAK
24 Eka 2014
Euskadi Basque Country II Banderak Bartzelona urperatuko du
Ekainaren 27, 28 eta 29an Bartzelonan orotariko jarduera kultural, gastronomiko eta musikalak izango dira traineruen etorrera ospatzeko
Udara heldu da eta hemendik aurrera hondartzak eta itsasoak garrantzia handiagoa hartzen dute, eta horregatik datorren ekainaren 27, 28 eta 29an Bartzelonako Plaça del Mar izango da Euskadi Basque Country II Banderaren gune nagusia. Aste bukaera paregabe honetan kirola eta kultura eskutik joango dira. San Sebastiàko hondartza ingurura gerturatzen diren guztiek bertan izango diren Euskal Herriko gastronomia, kontzertu, herri kirol eta goi malako traineruen estropadaz gozatu ahal izango dute.
Orotariko izango den egitarauari ostiralean emango zaio hasiera 20:00tan Euskal Etxean hasi eta amaituko den triki-poteoarekin. Larunbatean, eguerdiko 12tan, hasiko da ofizialki arraunaren aste bukaera Kukai dantza taldearen emanaldiarekin Poeta Boscà enparantzan. Ordubete beranduago, ekitaldiaren gune ludikoa izango den Plaça del Mar enparantzan, aizkolari eta harrijasotzaileen erakustaldi bat izango da, eta erakustaldi hau berriro errepikatuko da arratseko 18:00tan. Gau aldean, San Miguelen eskutik, momentuko etorkizun gehieneko taldeetako bi izango dira eszenatokian bertara hurreratzen diren guztiak musika paregabeaz goza dezaten. Kontzertuan, Mungiako Belako talde gaztea izango da alde batetik, eta bestetik The Free Fall Band talde katalana. Festa honetara batuko dira ere San Miguelen DJak. Honez gain, egun guztian zehar txalaparta, euskal dantza, surf erakustaldiak, ergometro txapelketa herrikoia eta euskal gastronomiako produktu hoberenen dastatzeak izango dira gune ludikoan. 11:00tan hasita eta gaueko 22:00ak arte irekita egongo dira gune ludiko honetan barrak eta parrilak.
Behin igandea iristean, eguerdian iritsiko da aste bukaerako momenturik garrantzitsuena San Miguel Ligaren denboraldia estreinatuko duen lehen jardunaldiarekin. Txapelketa hau bigarren aldiz gerturatzen da Bartzelonako uretara eta bertan lehiatuko dira taldeak Euskadi Basque Country II Bandera etxera eramateko. Estropada-eremua Platja de Sant Sebastià eta Vela Hotelaren artean kokatuko da eta estropada zuzenean ikusi ahal izango da Esport3, ETB eta TVG kateetan. Igandeko jardunaldian zehar ekintza ludiko eta kultural gehiago izango dira eta surf erakustaldi bat ere eguerdiko 13:00tan. Larunbatean bezala, barrak eta parrilak irekita izango dira egun guztian zehar.