Albisteak 2023
LEHIAKETA
25 Abu 2023
Getarian jokatuko da azken jardunaldia hamabi traineruekin
Igandean Eusko Label ligako Getariako estropada izango da 12:15ean hasita. 10:30ean plazan bilduko dira herritarrak kalejiran etxeko taldea animatzera joateko.
Igandean jokatuko da Eusko Label ligako Getariako jardunaldia, eta herrian dena prest dute arraun festarako. 12:15ean emango zaio hasiera estropadari, baina aurreko urtean bezala, Getariako Udalak eta arraun elkarteak herritarrak etxeko taldea animatzera deitu dituzte; hala, 10:30ean jarri dute hitzordua plazan, eta guztiak elkarrekin, marea marroia osatuz, arranplara jaitsiko dira etxeko taldea uretara ateratzen denean animatzera. "Herriko trikitilariekin hitz egin dugu eta parte hartzeko prest agertu dira. Beraz, herritarrei marroiz jantzita etortzeko deia egin nahi diegu. Berez, eguraldi txarra dago aurreikusita; baina espero dugu eguraldia lagun izatea eta pasa den urtean bezala kalejiran guztiok elkarrekin etxeko taldea animatzera joatea".
Pasa den asteburuan eman zitzaion bukaera emakumeen Euskotren ligari, hortaz, aurten Getariako jardunaldian ez da emakumeen estropadarik jokatuko. "Oso polita izan zen gizon eta emakumeen traineru estropadak herrian hartzea, baina aurten ACTko egutegia zehaztu zenean, ezinezkoa izan zen berriz ere Getariako estropadak herriko festekin bat egitea. Pena handiz aurten ez da emakumezkoen estropadarik izango", azaldu du Ekaitz Esteban kirol zinegotziak.
Bestalde, aurtengoan Eusko Label ligako zaleen gunea Altxerrin, Astillero jatetxearen aurrean, kokatuko dutela jakinarazi du Estebanek. "Iaz festetan jokatu zen Getariako estropada eta festetan ere atuna erretzen dela aprobetxatuz bi eremu jarri genituen. Aurten, ordea, jaietatik kanpo izango denez, normaltasunera itzuliko gara eta arranpla ondoan kokatuko dugu zaleen eremua. Bertan, estropadak pantaila handiak ikusteko aukera izango dute zaleek, eta atuna erreta ere eskainiko da".
Herriaren erantzun bikaina
Arraun taldeentzat etxeko estropada berezia izan ohi da, eta Getariako Arraun Elkartea "ahalik eta lan txukunena" egiteko gogoz dago. "Asteburu berezia izango da datorrena. Jokatuko diren bi estropadak – Ondarroa eta Getaria– itsasoan izango dira eta uste dugu ondo moldatu gaitezkeela", azaldu du Xabier Goikoetxea elkarteko presidenteak. Gaur egun, sailkapen orokorrean zazpigarren postuan kokatuta dago Getariako taldea, eta bi puntura dute seigarrena. "Polita izango litzateke Cabori aurre hartzea eta sailkapenean gora egitea. Pasa den asteburuan bi puntu jan ganizkion, eta ea asteburu honetan ere beste koska bat igotzeko gai garen. Gaur egun Eusko Label ligan dagoen mailarekin, guretzat handia izango litzateke liga seigarren postuan bukatzea".
Astean zehar Getariako Arraun Elkarteak estropada antolatzeko boluntarioak behar zituela jakinarazi zuen, eta Xabier Goikoetxea elkarteko presidenteak nabarmendu du deialdia egin orduko laguntzeko proposamen mordoa jaso zituztela. "Herriari eskerrak eman nahi dizkiogu, beti erantzun bikaina izaten duelako".
ARGAZKIA: Artzape Aldizkaria