Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

28 Eka 2013

"LAU ONENEN ARTEAN HASI NAHI GENUEN, ETA HALA GAUDE, BAINA ATZEKOAK OSO GERTU DITUGU"

"LAU ONENEN ARTEAN HASI NAHI GENUEN, ETA HALA GAUDE, BAINA ATZEKOAK OSO GERTU DITUGU"

Osertz Alday, Hondarribia-Orsa klubeko arraunlaria

Odola ez, historia dago Osertz Aldayren zainetan (Hondarribia, 36 urte). 26 urte luze daramatza arraunean, eta den-denak klub bakarrean, bere herri maiteko Ama Guadalupekoan. Berdeen ontziko beteranoa da, eta ontzi barruko eta kanpoko hainbat istorio kontatu dizkio www.ligasanmiguel.com atarikoari, bere irakasle jardunean atsedenalditxoa eginda.

 

26 urte luze daramatzazu dagoeneko Hondarribiko ontziko tostetan, denbora asko da. Atzera begiratu eta zer pasatzen zaizu burutik?

Eboluzio bat bezala ikusten dut. Hasten zara, gaztetan, eta ia-ia oharkabean arraunlaria zara. Bizitza aurrera doala, eta inguruko gauza asko aldatu arren, materiala, jendea, prestakuntza, entrenatzen dugun tokia, gure kolore berdea eta Bidasoa, berdinak direla.

 

Ez al duzu nekerik sumatzen, hainbeste urte?

Irakaslea izanda, arratseko 5ak aldera iristen naiz etxera, gero entrenamendua… Jende gutxi dago arraunetik bizi daitekeena, edo arraunean entrenatu bakarrik egin dezakeena. Egia da kontsumitu, jan egiten zaituela, baina nik maite dut arrauna, gozatu egiten dut, eta konpentsatzen nau. Arraunlari izateari uzten diodanean ere klubean zer egina badagoela uste dut, eta lotuta jarraitzea espero dut.

 

Meritua baduzue: 11 hilabetetan entrenatu, udan ere ezin urrunegi joan oporretara…

Bai, eta lagunekin disfrutatzeko ere aukera askorik ez, janaria neurtu beharra… Badirudi udan bakarrik egiten dugula lana, eta ez da horrela.

 

Beti Hondarribian. Aldatzeko, beste nonbait ahalegintzeko tentaziorik ez?

Ez. Zerikusia handia du ze klubetan zauden, nolako giroa dagoen. Arrauna ez da soil-soilik lehiaketa, balore asko daude, ordu asko pasatzen dituzu jendearekin, eta taldean giro ona baldin badago, beste balore batzuk lantzen dira. 10-11 urterekin hasi nintzen, eta Hondarribia bakarrik ezagutu dut. Senior mailan hasi nintzenean, B ontzian abuztuan bukatu, eta Lekeition ibili ginen, baina etxean denboraldia bukatuta. Bi urtetan egin genuen bide hori. Bestela beti herrian, eta dagoeneko, hemen bukatuko dudala uste dut.

 

Hondarribia esan eta badago halako sentsazio bat, talde umila dela dioena, herrikoia, harrobia lantzen duena… Hala da?

Hasteko, isolatu samar dagoela esango nuke. Fisikoki. Eliteko klub gertukoena Pasaia da. Gauzak ondo egin nahi dituen jendea dago: gazteen entrenatzaileak, zuzendaritza taldea… horrek izaera, nortasun jakin bat ematen dio klubari, eta hor gustura baldin bazaude, eta Hondarribikoa bazara, ba bidea markatuta dago. Lehen mailako klubak emaitza onak lortzen baditu, are gehiago. Kirol mailaz gain harreman giroa asko baloratzen dut nik, eta Hondarribian giroa ona da.

 

Zenbat aldatu ote da arrauna azken mende laurdenean…

Hondarribiak bolada ezberdinak izan ditu tarte horretan. Orokorrean, arraunak garapen handia eduki duela esango nuke. Azken urteetan diru sarrerak egon dira, ligan eta klubetan, eta horrek bere eragina izan du. Materiala ikaragarri aldatu da, prestakuntzak ere ez du zerikusirik orain bi hamarkadakoarekin. Xehetasun asko lantzen dira, parekotasuna handitzen, eta konpetentzia itzela da, arraunaren onerako. Antolaketan, estropada eremuetan-eta, hobera egin da, eta orokorrean, bakoitza bere arloan, ahalik eta onena ematen saiatzen dela esango nuke.

 

Parekotasuna diozu, Bartzelonako estropadan gertatutakoa horren adibide.

Talde asko gaude hor aurrean. Agian Urdaibai Umpro Avia eta Kaiku Ambilamp koskatxo bat gorago daude, baina beste asko nahiko gertu daude, batera ez esateagatik. Liga hasi besterik ez da egin, eta ezin esan gauza zehatzik. Orain inor ez da ausartzen izen bat ematera, lau edo bost emango dizkizute. Hori ona da niretzat.

 

Ze gorputz geratu zitzaizuen Bartzelonako estropada bukatuta?

Arraunean hasi aurretik zalantza asko genituen, gauza normala. Lau onenen artean sartzea zen erronka, eta lortu dugu. Buelta gazi-gozoa izan zen. Helburua beteta bai, baina zazpigarrena ere bospasei segundora helmugaratu zen, eta edozein huts egite garesti ordain daitekeela jabetu ginen. Poz-pozik ere ez, baina tira, konforme.

 

Hondarribia-Orsa San Miguel Liga irabazteko faboritoa al da?

Inoiz ez gara izan halako aurreikuspen potoloak egin dituen kluba. Inoiz ez dugu esan hau edo beste irabazi behar dugu. Talde indartsuak daude. Badakigu liga irabazteko gai garela, baina horrek irabaziko dugula esan nahi al du? Badakigu lana ondo egiten badugu, trainerua azkar doala, baina guk besteak menderatzen ditugun bezala, besteak mendera gaitzakete. Erregulartasuna eta zortea behar da. Guk eta denak: olatuak, itsasoa, haizea… Liga irabaz dezakegu, baina dena oso ondo egin behar da.

 

Badirudi Hondarribia-Orsa jende askoren bigarren taldea dela, jendearen begietara talde kuttuna zaretela. Ados?

Guk hurbiltasunari, irabazten jakiteari, galtzen jakiteari garrantzia ematen diogu, eta agian horregatik izango da. Agian izan liteke Mikel Orbañanos entrenatzailea etorri aurretik talde xumea ginelako. Orain bandera gehiago irabazten ditugu, eta ez dakit hain estimu handia edukiko diguten.

 

Hondarribiaren arraunketak ehunka prentsa orri, irrati uhin, telebista irudi bete ditu. Zergatik?

Entrenatzaile edo elkarte bakoitzak arraunketa jakin bat du. Hondarribiak estilo jakin bat zeukan, baina Orbañanos etorri denetik aurrera pauso handia eman du. Urte askotan arrauna egiteko modu bat finkatu da, bloke bat, eta horrek asko lagundu du. Orbañanosek gauzak garbi ditu, badaki gauzak nola transmititu, eta arraunketa berezi hori lan egiteko modu horren ondorio zuzena da. Sekretua zein den? Arrauna nola ulertzen dugun. Oso ondo datorkigun modua da, eta konfiantza itsua dugu. Ez dauka ezer berezirik, baina barneratua dugun modua da, eta horrekin muturreraino goaz.

 

Ankekoa zara, ontziko arraunlari garrantzitsuenetakoa. Nola daramazu ardura, erantzukizun hori?

Beno, ontzian erantzukizuna denon artean banatzen da, ez pentsa nik edo beste norbaitek beste batek baino ardura handiagoa daukanik. Jakina, Orbañanosek du ardura handiena, baina iaioa da erantzukizuna hartzen, bideratzen. Ez dut pisu berezirik ontzian, ezta hartu nahi ere. Gazteei erakusten-eta saiatzen naiz, baina ez nuke esango erreferente naizenik, beste arraunlari bat baino ez. Inor ez da ezinbestekoa ontzian, eta talde lanak indar handia du klubean.

 

Manex anaia alboan duzu azken urteetan, zu baino 14 urte gazteagoa izanda ere. Nola daramazu egoera?

Berezia izan da. Ni lehen taldeko arraunlaria nintzenean sartu zen klubean, ez nuen behartu nahi arrauna egitera, baina jakina, anaiarekin arrauna egitea erronka polita zen niretzat. Anaia baino semea izan da niretzat Manex, aita-semea erlazio hori dugu. Arraunean hasteko aukera eman nion, lemazain izan zen, eta gogorra izan zen, erantzukizun handia izan zuen. Oso indartsua da, arraunlari ona izango dela uste dut, Julen Castrillon eta Iker Amadorrekin batera. Berarekin batera arraun egiteko aukera edukitzea, ba pentsa, oso gauza handia da niretzat. Elkarrekin etxeko bandera ere irabazi dugu, eta nik barrutik asko gozatu nuen.

 

Ikusgarri dator Laredoko Ohorezko Txanda, ezta?

Bai, eta bigarren txanda ere bai. Ikusteko polita, ontzi barruan egoteko ez dakit.

Itzuli