Albisteak 2017

LEHIAKETA

23 Uzt 2017

Hondarribiak garaile badian

Hondarribiak garaile badian Hondarribiak garaile badian

‘Ama Guadalupekoa’rentzat izan da Bandera Adegi, eta San Juan Iberdrolarentzat Bandera Diputación

Gaur goizean, Pasaiako badian jokatutako Bandera Adegi, 19’49”10 denborarekin, Hondarribiaren eskuetara joan da. Bestalde, Urdaibai Avíak jarraitzen du Eusko Label Ligako sailkapenaren buru, nahiz eta gaurkoan, bigarren postua eskuratu. Asteburu honetako bi jardunaldiak eta gero, Patroi hoberenaren CaixaBank sailkapenaren lidergotzan, Ioseba Amunarrizek jarraitzen du. Honek 5 puntuko abantaila ateratzen dio Iker Gimenori, Kaiku Produchako patroiari.

Bandera Adegiko ohorezko txandan Hondarribia nagusi izendatu da. Denbora 19’49”10tan geratu du, eta 6”56ko abantaila atera dio bigarrenari; hau da, Urdaibai Aviari. 20’03”12 denborarekin, laugarren izan da Orio Babyauto, eta Kaiku Produchak, ‘Ama Guadalupekoa’rengandik 25”86 ra, bosgarren postuan amaitu du.

Estropada ikusgarri baten ondoren, eta denbora 20’02”96tan geldituz, Zierbena Bahías de Bizkaiak bere txanda irabazi du eta sailkapeneko hirugarren postuan geratu da. Cabok, 20’18”62rekin, zazpigarren egin du, eta San Juan Sumelecek, 20’21”44 denborarekin, zortzigarren. Tirán Pereirak irabazleak baino 46”02 gehiago behar izan ditu. Berak itxi du bigarren txanda eta hamaikagarren postuan geratu da.

Lehenengo txandako garaipena eskuratu ahal izateko, lehia itzela izan da Ondarroa Cikautxoren eta San Pedroren artean. Azkenean, 20’15”10 denbora eginez, ‘Antiguako Ama’ irten da garaile, eta horri esker, seigarren postua eskuratu du. ‘Libia’k, 20’19”10ekin, zortzigarren postua lortu du. Azkenik, Ares, 20’28”34 denborarekin, hamargarren geratu da eta estropada itxi duena, Hondarribiak baino 52” gehiagorekin, Astillero izan da.

San Juan Iberdrola etxean

Bandera Diputacióneko garaipena, 10’49”04 denborarekin, etxeko traineruarentzat, San Juan Iberdrolarentzat, izan da. Etxeko trainerua irabazle izendatu da, Hibaika Jamones Ancinekin borroka gogorra izan ondoren. Talde errenteriarrak, soilik, 0”26 gehiago behar izan ditu estropada amaitzeko. Orio Babyautok, denbora 11’10”56tan geldituz, hirugarren postua lortu du, eta ‘Batelerak’engandik 27”54ra, Arraun Lagunak Donostiak itxi du sailkapena.

Getxok eta Zierbenak markatuko dute ekuadorea

Datorren astean, Eusko Label Liga denboraldi honetako ekuadorera iritsiko da. Bertan, bederatzigarren eta hamargarren jardunaldiak jokatuko dira. Larunbatean, Getxoko Estropaden XXXIX. Ikurriña izango da lehian, eta igandean, Zierbenako uretan, XXXIV Bandera Petronor.

Itzuli