Albisteak 2018

BEREZIAK

22 Uzt 2018

Orio Babyautok etxean irabazi du

Orio Babyautok etxean irabazi du Orio Babyautok etxean irabazi du

San Nikolas izan da garaile estropada zirragarri batean eta denboraldiko lehen bandera eraman du

Azken luzeko azken metroak eta Zierbena Bahias de Bizkaia eta Orio Babyauto pare-parean iristen ari ziren helmugara. Orioko kai-muturrean urduritasuna nagusi, Eusko Label Ligako estropada gertutik bizitzera gerturatutakoen animo ohiuek ezer gutxi gehiago uzten zuten entzuten. Bi traineruek batera gurutzatu dute helmuga eta ez bata ez bestea ez dira ausartu ospatzera. Bideo-finishak eman du azkeneko emaitza, San Nikolasak irabazi du XXVIII Orioko Estropadak - VI Orio Kanpina Bandera. Salsamendirenek denboraldiko lehen bandera irabazi dute, non eta etxean. ACTen lehenengo aldiz irabazi du Orio Babyautok bere bandera.

Ikaragarria izan da ur gipuzkoarretan bizitako jardunaldia. Ohorezko txanda gogoratzen den parekatuenetarikoa izan da. 4 ontziak batera aritu dira ia estropada guztian zehar. GO fit Hondarribia lau segundo atzetik iritsi da hirugarren ziabogara eta ez da denbora berreskuratzeko gai izan. Hirugarren sailkatua Urdaibai Avia zen eta lehen kalera egin du, Ama Guadalupekoarena, estropada buruarekin galdutako denbora berreskuratzeko asmoz. Ez du posible izan. Bandera beraz hirugarren kaletik zihoazen Zierbena Bahias de Bizkaia eta Orio Babyautoren artean erabaki beharko zen. Bizkaitarran estropada buru izatetik hainbat segundo galtzera pasa dira une batean, baina hortik altxatu eta berriz ere lider jartzea lortu dute azken luzean. Ikaragarria egindako esfortzua. Gorka Aranberrirenak bigarrenak ziren baina olatuak hartuta borrokan sartu dira eta Zierbena Bahias de Bizkaiarekin parez pare sartu dira helmugan. Tentsio unearen ondoren, San Nikolasak pozez lehertu da bozgoragailuetatik emaitza jakinarazi denean. Horien denbora ofiziala 19'46"56koa izan da, bizkaitarrena 18 ehunen motelagoa besterik ez. 

Bigarren txandan ere parekotasuna izan da nagusi. Santurtzi Iberdrola, Donostiarra eta Ondarroa Cikautxo denbora berean izan dira azken ziabogara arte, eta azkenean Soterarentzat izan da txanda. 10 segundora iritsi da Bantxa, 19ra Antiguako Ama eta Kaiku Produchak itxi du txanda. 

Jardunaldiko beste ezustekoa gauzatzeko zorian izan da Cabo. Lehen txandan lehiatuta jardunaldiko laugarren egin du. Galiziarren denbora ohorezko txandakoen gertu izan da uneoro eta azkenea Go fit Hondarribia baino azkarragoa izan da. Cabotik 15 segundora iritsi da San Pedro, 36ra tiran eta 43ra txanda itxi duen San Juan Sumelec

Urdaibai Aviak jarraitzen du Eusko Label Ligako lidertzan 104 punturekin. Bigarrena da GO fit Hondarribia 93rekin eta hirugarrena, Zierbena Bahías de Bizkaia 89 punturekin.

CaixaBank patroi onenaren gaurko 3 puntuak Orio Babyautoko Gorka Aranberrirentzat izan dira. Sailkapen nagusian San Pedroko Ander Etxegoienek segitzen du lider 12 puntuekin, Oriokoak baino bost gehiago. 

San Juan Iberdrolak ezustekoa sahiestu du

Euskotren Ligan ere nahi zuen Orio Babyautok bandera etxean geratzea. Lehen luzean Txikik ondo eutsi die San Juan Iberdrolak, badirudi horiak arroxengatik gero eta hurbilago daudela. Ziabogan segundu bakarreko aldea sanjuandarren alde. Ondo atera da ziabogatik Orio Babyauto, baita lider jarri ere hainbat segundoko aldearekin. Kai-muturrean bildutako jendea gozatzen etxeko traineruarekin, baina jaikitzen jakin izan dute batelerek eta abantaila berreskuratu ostean, sei segundoko aldea atera diete oriotarrei helmugan. Bandera berri bat batelerentzat, denboraldiko zazpigarrena. Ez dute bat bera ere ihes egiten utzi. 

Arraunaren gorengo txapelketa datorren asteburuan izango da bueltan Getxoko eta Santurtziko uretan

Itzuli