Albisteak 2023

LEHIAKETA

06 Uzt 2023

Fabrika Banderaren aurkezpen ofiziala

 Fabrika Banderaren aurkezpen ofiziala

Gaur osteguna, uztailak 6, 11:00etan, Donostiarrak eta Fabrikak, Fabrika Banderaren aurkezpen ofiziala egin dute Donostian.
 

Ekitaldia Fabrika eraikinean izan da (Miramon pasealekua 181), eta bertan eman zaio hasiera prentsaurrekoari, Alberto López Donostiarrako presidentearekin. Ilusio asko erakutsi du egun gutxitan Fabrika Bandera ospatuko delako Donostian, gure hirian.

Larunbatean, lau estropada izango dira: lehena Fortuna beteranoena, gero Arc2, eta ondoren bi plater nagusi: Eusko Tren liga eta Eusko Label liga. Gainera, Fabrika banderak, iraganean izan zuen arrakasta dela eta, diseinu bera izango du, bere kolore bereizgarria mantenduz.

Albertok jakinarazi duenez, uztailean arraunarekin lotutako hainbat jarduera egingo dira Donostiako lau auzotan, eta bertaratutakoei ergometroak probatzeko eta arraunarekin lotutako hainbat jardueratan parte hartzeko aukera eskainiko zaie. "Jarduera hauek ikuspegi sozial zein solidarioa izango dute, komunitate osoaren inklusioa eta parte-hartzea sustatuz". Azkenik, donostiar guztiak gonbidatu ditu larunbateko ekitaldia animatzera. "Zortea gurekin izatea espero dugu eta bandera etxean gelditzea".

Bestalde, Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak, Iñaki Gabarain, zinegotzi gisa egindako estreinaldian, hunkituta agertu da arraunzalea dela mintzatuz, eta une hau esanguratsua dela berarentzat esanez. "Arraunak batasuna sortzen du, eta pertsonen arteko loturak sendotzeko eta komunitate batuagoa sortzeko modu bat da". Amaitzeko, Donostiarrari eta zaleei babes osoa eskeini die.

Azkenik, Juan Mancisidor Fabrikako zuzendariak, Fabrikak arraunarekin duen lotura azaldu du, diziplina horretan metafora ezin hobea aurkitu du enpresa-munduak aurrez aurre dituen balioak eta erronkak transmititzeko. "Arraunean bezala, non arraunlariek taldekideengan konfiantza izan behar duten eta helmuga lortzeko elkarrekin arraun egin behar duten, enpresa-esparruan, taldeko kideen artean, funtsezkoa da konfiantzazko eta lankidetzazko harremanak ezartzea". Era berean, larunbateko ekitaldiak, Fabrika, enpresen eta erakundeen kultura eta tresnak eraldatzeko errendimendu handiko zentro gisa, ezagutarazteko aukera dela nabarmendu du. "Animo denboraldi honetarako eta espero dut bandera asko ekartzea Donostira".

Alberto López, Iñaki Gabarain eta Juan Mancisidorrek, prentsaurrekoan parte hartu ondoren, argazki ofiziala atera dute Fabrikako terrazan.

Argazkia: Donostiarra Kaiarriba

Itzuli