Albisteak 2023

LEHIAKETA

09 Uzt 2023

Bermeo Urdaibaik bereganatu du Zierbenako estropada

Bermeo Urdaibaik bereganatu du Zierbenako estropada Bermeo Urdaibaik bereganatu du Zierbenako estropada

Bizkaitarrek erakustaldia eman dute XL. Petronor Banderan, bigarren izan den Hondarribiari 18 segundoko aldea ateraz.

Bermeo Urdaibaik irabazi du XL. Petronor Bandera Zierbenako uretan. Gorka Aranbarrik gidaturiko eskifaiak olatu gainean egin du estropada eta bere txandan aritu den Hondarribiari 18 segundoko aldea atera dio. Gipuzkoarrak bigarren izan dira. Hirugarren postuan, berriz, Cabo da Cruz sailkatu da, Bermeo baino 23 segundo beranduago helmugaratuta. Laugarren postua, bestalde, Kaikuk eskuratu du, lehen sailkatutik 27 segundora.

Igandera arte bakarka Eusko Label Ligako liderra izan den Zierbena 5. izan da etxeko estropadan eta gainera, sailkapen nagusiko lehen postuan puntuetara berdindu du Hondarribiak. Hala ere, A Coruñan lortutako banderak oraindik lehen postua bizkaitarrei bermatu die.

Hortaz, sailkapen nagusiko buruan dira Zierbena eta Hondarribia 31 punturekin, Bermeo Urdaibai hirugarrena da 30 punturekin eta Getaria laugarren postuan da 23 punturekin. Sailkapenaren beheko aldean Santurtzik estropadan lortutako 8. postuak sailkapen nagusiko azken lekutik ateratzea ahalbidetu dio, Samertolameuren kalterako.

Orio Orialkik irabazi du Zierbenan

III. Edinor Banderan eskuratu dute gipuzkoarrek denboraldiko lehen garaipena, biziki lehiatua izan den estropada batean.

2022ko Euskotren Ligako txapeldunak denboraldiko lehen bandera eskuratu du Zierbenan. III. Edinor Banderako bigarren txanda zirraragarria izan da. Hasieran San Nikolasekoak aurreratu badira ere, Donostia Arraun Lagunak heldu da aurretik ziabogara. Hala ere, bigarren luzean estropada benetan berdindua ikusi da Orio, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen artean. Helmugatik metro gutxi geratzen zirela segundu batean aritu dira lehen hiru traineruak. Azkenean, Orio aurretik helmugaratu da, Tolosaldea atzetik zuela segundo batera eta Arraun Lagunak izan da hirugarren 2 segundora. Txandako eta banderako 4. postua Donostiarrarentzat izan da.

Lehen txandan ere Hondarribiak eta Hibaikak lehia bizia izan dute hala ere Ama Guadalupekoek lortu dute garaipena. Cabok eta Tiranek itxi dute txanda eta banderako sailkapen nagusia.

Gauzak horrela, Arraun Lagunakek Euskotren Ligako buruari heldu dio eta dagoeneko 21 puntu ditu. Bigarren postuan da Orio Orialki, hirugarren sailkatua da Donostiarra eta laugarren postuan Tolosaldea, hirurak 19 punturekin.

Itzuli