Albisteak 2025
LEHIAKETA
14 Aza 2025
CaixaBanken Donostiako eta Orioko bulegoak txapeldunen irudiekin apaindu dituzte
Finantza-erakundeak, ohikoa den bezala, bi bulegoak apaindu ditu eta traineru txapeldunen posterrak banatuko ditu.
2025eko Euskotren Ligan eta Eusko Label Ligan bi traineru nabarmendu dira. Donostia Arraun Lagunak eta Orio Orialki gailendu dira euren lehiaketetan, eta CaixaBankek Donostiako eta Orioko bulegoak apaindu ditu. Gainera, txapeldunen irudiarekin eginiko posterrak banatuko ditu.
CaixaBank Koroa preziatua Orio Orialkik eraman du, iaz Bou Bizkaiak ezarritako errekorrak apurtzea lortuta. Gipuzkoako herriko bulegoa 2022tik lehen aldiz margotuko da horiz; urte hartan klub oriotarrak Euskotren Liga irabazi zuen.
Ordutik, Donostiako Urbieta kaleko bulegoa izan da Euskotren Ligako txapeldunaren koloreekin leihoak apaindu dituena: Donostia Arraun Lagunak. Lugañene izan da onena Euskotren Ligan 2023, 2024 eta 2025eko denboraldietan.
CaixaBank S1 Negozio Arloko zuzendaria den Alicia Masek Orioko bulegoaren tematizazioaren aurkezpena zuzendu du, eta nabarmendu du Caixabankentzat arrauna "lana ulertzeko modu bat" dela eta "arraunaren munduko espiritu hori gure egunerokoan aplikatzen saiatzen gara. Lurralde-zuzendaritza honek lehiaketa guztia garatzen den ingurune naturala hartzen du bere baitan, eta egia esan, harrotasun handiz bizi dugu".
Martxel Aldai, Orio Orialkiko arraunlariak, ekimenaren balioa azpimarratu du: "Detaile ederra da, oriotar guztiek igarotzen duten gune batean dago. Polita da egindako lan guztiari aitortza hau egitea. Gainera, arraunlari izan nahi duten gazte eta umeentzat erakusleiho bikaina da".
Joakin Zubiria, CaixaBankeko Donostialdeko Negozio Arloko zuzendaria, Donostiako ekitaldian izan da eta tetratxapeldunen lana eta gainontzeko tripulazioena azpimarratu ditu: "Egia esan, Donostia Arraun Lagunakeko neskek oso gaizki ohitu gaituzte; asteburu guztietan irabazten ikustea normalizatzen ari gara. Hala ere, ez genuke dena garaipenetara mugatu behar. Atzean dagoen lana, ez bakarrik traineru honetan, baizik eta uda kolorez betetzen duten guztietan, ikusgarria da. Eta guztiei omenaldia egin nahi izan diegu".
Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlaria den Xubaen Uribarrenak pozik agertu da: "Oso gauza polita da, atzean lan handia dago. Ni arraunean hasi nintzenetik CaixaBank beti egon da ligak babesten. Oso polita da gure lorpenak Donostiako kaleetan islaturik ikustea".
Posterrak CaixaBankeko Orioko eta Donostiako bulegoetan
Zaleek Arraun Lagunaken posterrak eskuratu ahal dituzte doan Donostiako Urbieta kaleko 32. zenbakian dagoen bulegoan. Bestalde, Orioko Eusko Gudari Kalea 22an dagoen bulegoan, San Nikolas-eko txapeldunen posterra hartu ahal izango dute.



