Albisteak

LEHIAKETA

04 Abu 2022

Getaria estreinaldirako prest

Getaria estreinaldirako prest

Datorren igandeko estropadak aurkeztu dituzte gaur udal ordezkariek eta Getariako Arraun Elkartekoek herriko plazan. Bi bandera izango dira lehian: Euskotren Ligan, Getariako Ikurrina – 500. Urteurrena Saria eta Eusko Label Ligan, Getariako XIII. Ikurrina – 500. Urteurrena Saria.

Arraun Elkartearen izenean Xabier Goikoetxea presidenteak hitz egin du. Jakinarazi duenez, arraunlariak "motibatuta" daude eta igandekoa denboraldi honetan egiten ari diren lanaren jarraipena izatea nahiko luke. Gainera, gogoratu du iaz bandera herriko taldeak irabazi zuela. Eneida Etxabe arraunlari ohia ere, aurkezpenean izan da. Aurkezpenean, aurten lehen aldiz jokoan egongo den emakumeen ligako bandera izan du esku artean.

Haritz Alberdi alkateak azpimarratu du ilusionagarria dela Esperantza ACTn aritzea eta igandekoa "pozez betetako momentua" izango dela iragarri du. Salbatore Jaien baitan jokatuko direnez estropadak, arraunlariak animatzeko deia egin du Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak.

Hala, kanpotik datozen zaleei ere 10:00etan plazan batzeko deia egiten dute, eta herriko trikitilari zein pandero jotzaileekin nahiz txistulariekin moilara jaitsiko dira, kirolariak hauspotzera. Gainera, estropada ikusteko pantaila bat jarriko da moilan.
 
 

Itzuli